<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

hebreera

Hebrearren hizkuntza semitikoa, feniziera, moabera eta ugariterarekin batera hizkuntza semitikoen ipar-mendebaldeko azpitalde kanaandarra osatzen duena. Antzina Palestinan mintzatzen zuten hebreera, eta K.a. III. mende aldera mendebaldeko aramerak ordezkatu zuen neurri handi batean; baina juduen liturgi hizkuntza gisa iraun zuen Palestinan bertan aurrenik eta juduen diasporan ia hogei mendez ondoren.

XIX. eta XX. mendeetan berreskuratu egin dute juduek, eguneroko mintzaira arrunt eta kulturako hizkuntza bihurtuz; eta 1948an Israelgo estatua eraikitzean bertako hizkuntza ofizial aldarrikatu zuten. 22 kontsonanteko alfabeto berezia du hebreerak; eskuinetik ezkerrera eta normalean bokalik gabe idatzi izan dute, baina bokalak puntuen bidez adierazteko ohitura ere aski luzea da. Bibliaren edizio masoretikoa (K.o. VIII-X. mendeetakoa) bokalizazio eta guzti dago idatzita. Gaur egun bietara idazten dute. Lau garai bereizi ohi dituzte hebreeraren historian: Bibliako hebreera klasikoa (K.a. III. mendera arte), hebreera rabinikoa (K.o. II. mende inguruan Mishna izeneko idazkietan erabilitakoa), Erdi Arokoa (VI-XIX. mendeetakoa) eta hebreera modernoa (Israelgo gaurko hizkera).

Garai bakoitzean beste hizkuntzen eragin aski handia izan du hebreerak; hitzak mailegatu ditu bereziki horietatik: akadieratik, sumerieratik eta Palestina inguruko beste hizkuntzetatik garai biblikoan, arameratik latinetik eta persieratik Mishna-ren garaian; grekotik, arabieratik, gaztelaniatik eta Europako beste hizkuntzetatik mailegatu ditu Erdi Aroan, baina aldi berean lan garrantzizkoa egin zuen hebreerazko literaturak hebreeraren beraren errotik eratorritako lexiko-sorkuntzan. Garai bakoitzeko hebreerak bere literatura aberatsa produzitu du: Biblia garai klasikoan, juduen tradizioak biltzen dituen Misha eta Talmud garai rabinikoan, prosa eta poesia aberatsa Erdi Aroan, eta literatur genero guztiak garai modernoan.

Garai klasikoko hizkeran oinarritu dute funtsean hebreera modernoa, baina modernizaziorako hainbat berrikuntza egin behar izan dituzte, batez ere lexikoan. Estandarizaziorako, arazo nagusi hau eduki zuten aurrean: bi tradizio linguistiko edo dialekto handien, Ekialdeko eta Mendebaldeko diasporakoen, artean zein aukeratu. Ahoskerari dagokionez, Mendebaldeko sefardiena aukeratu eta Ekialdeko juduek egiten dituzten guturalen bereizkuntzak murriztera jo du hebreera modernoak. Lan ikaragarria egin behar izan dute juduek beren hizkuntza modernizatzeko, horren ezagutza zabaldu eta erabilera suspertzeko; mugimendu sionistaren barruan Eliezer ben Jehuda izan zen hebreeraren normalkuntzaren eta berreskurapen modernoaren aitzindari. 1903an sortu zuten Hebreeraren Akademia. Ulpanin izeneko hizkuntz eskolek eginkizun erabakigarria bete dute, diasporatik Israelera itzultzen ziren guztiei hebreera modernoa irakasteko.

Iturria: Harluxet/