<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

godoak

Antzinako Germaniako herri bateko kideak ziren. Godoak jatorriz eskandinaviarrak ziren, eta K.a. I. mendean Vistularen ertzean kokatu ziren. K.o. II. mendearen hasieran lurralde horiek utzi eta Itsaso Beltza eta Jonikoraino iritsi ziren. III. mendeko lehen hamarkadetan hasi ziren godoen eta erromatarren arteko lehen borrokak. Asia Txikiko eta Balkandar penintsulako probintzia erromatarretan sartu ziren: kostalde asiarra arpilatu zuten, Efesoko tenplua suntsitu eta Atenasen sartu ondoren Kreta eta Rodasera abiatu ziren. Aurelianoren agintaldian Dazia hartu zuten. IV. mendean Ulfilas apezpikuak arianismora erakarri zituen.

Godoen inperioa Tisza eta Don ibaien artean finkatu zen eta hainbat herri germaniar basailu hartu zituzten: heruloak, gepidiarrak, bandaloak, etab. Garai hartan godoak bi talde nagusitan banatuta zeuden: ostrogodoak eta bisigodoak. IV. mendeko hunoen inbasioen ondorioz, bi taldeok banandu egin ziren. Ostrogodoak hunoen menpe geratu ziren hasiera batean; gerora, hunoen inperioak behea jo zuenean, Italia aldera egin zuten eta Teodoriko Handiaren agindupean bertan nagusitu ziren. Bisigodoek berriz, mendebalderantz egin zuten, Galiako hego-mendebaldean eta Hispanian finkatu ziren.

Iturria: Harluxet