<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
gaztelania
Gaztelako erresuman hitz egiten zen erromantzea; estatu espainoleko eta Amerikako zenbait lurraldetan mintzatzen den eta delako erromantzean jatorria duen hizkuntza erromanikoa. Iberiar penintsulan egon ziren erromatarrek lurraldean mintzo ziren iberiera eta hizkuntza zeltikoak estali zituzten beraiek hedarazi zuten latin arruntarekin; euskarak baino ez zuen bizirik iraun.
V. mendean, Erromatar Inperioaren deuseztatzeak latinaren zatiketa ekarri zuen eta tokian tokiko hizkeren sorrera. Horrela, denboraren poderioz galaiko-portugesa, leonera, aragoera, katalana eta gaztelania sortu ziren. Gaztelaniaren ezaugarri nagusiak latineko hasierako f-a h bilakatzea (idazkeran iraun zuen arren, ahoskeran galdu egin zen, ustez euskararen eraginez), bokal sabaikariaren aurreko g-a eta j-a galtzea, edo -ct- kontsonante-taldea -ch- bilakatzea izan ziren, besteak beste.
Erromantzeak indartu arren Europako kultur hizkuntza latina izaten segitu zuen hurrengo mendeetan. Garai hartan Nafarroako erresumaren lurraldea eta hizkuntzez euskalduna nagusi zen Burgosko Bureban sortu zen Gaztelania. Zangozatik emigratutako jendeak ekarri zuen nafar-erromantzea, eta musulmanen inbasioarekin etorritakoek arabiera eta hebreera hitz egiten zuten bertan. Bisigodoek sartutako germanismoak eta arabieraren eragina (hiztegi-mailan bereziki) jasan zituen. Berant Erdi Aroan finkatu zen eta X. mendeko Donemiliaga Kukulako Emiliotar glosak dira lehen testu idatziak. Berceoko Gonzaloren testuak egoera eleanitz haren isla dira. Gaztelaniaren hedapena bi alditan gertatu zen, batez ere Gaztelaren indartze politikoarekin batera: Errekonkista-garaian (XV. mendean) eta Amerika aurkitu osteko kolonizazio-aroan (XV. mendetik aurrera).
XVI. eta XVII. mendeak garrantzitsuak izan ziren, gaztelania modernoaren fonologia orduan finkatu baitzen. XVIII. mendean, berriz, gaztelania modernoaren arauak ezarri ziren eta Real Academia Espaņola sortu zen 1713an; mende hartan finkatutako ortografi arauak ezer gutxi aldatuta iritsi dira gaur arte. Egun, munduko hizkuntz mintzatuenen artean laugarrena da Ingeleraren atzetik eta estatu espainoletik kanpoko hainbat herritan mintzo da: ia Hego Amerika osoan, Erdialdeko Amerika, Maroko, Filipinak edo AEBetako zenbait hirigunetan eta guztira 210 milioi inguru hiztun ditu (estatu espainolean, Latino-amerikako estatu gehienetan eta Ekuatore-Ginean hizkuntza ofiziala da).
Loturak: >Gaskoi; >okzitaniar;
Iturria: Harluxet