<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euskara eta Latina
Erromatarrak Euskal Herrira etorri zirenean euskal tribuak deitutako jendea ezagutu zuten bertan, idatzi zutenez, antzeko hizkuntzez mintzo zirenak: euskaraz. Ez dago erabateko adostasunik erromatarrek izan zuten eraginaren gainean, baina azken aldiotan aurkitzen ari diren aztarnak (Irungo Ama Xantalen), ezagutzen den erromatarren harbide sareak eta meategi ustiaketen garrantziak (Arditurri eta Somorrostro) pentsarazten dute eraginen bat izango zutela.
Erromatarrek garrantzizko baliabideak zituzten konkista eta ondorengo kolonizazioa aurrera eramateko: armada indartsua, galtzada-bide kontrolatuak eta latin-hizkuntza. Konkista ondoko kolonizazio lortzeko harreman etno-kulturala sustatzea izan zitekeen asimilazio-tresnarik eraginkorrenak, hiritar-zuzenbidea eta hizkuntza inposatzea alegia, inperioko beste lekutan egin zuten bezalaxe. Hiritar-zuzenbide erromatarra aplikatu zen Euskal Herrian; horrela, hiriak sortu eta hiritarrei molde bateko nahiz besteko eskubideak aitortu zitzaizkien. Zinezko erromatartze oso batek, elebitasuna sortzen zuen lehenengo, baina hizkuntz ordezkatzea ondoren. Hala eta guztiz ere ohizko gertabide hori ez zen osorik bete Euskal Herrian. Goiz xamar ahuldu eta erori baitzen Inperio erromatarra. Alariko I.a 410ean suntsitu zuen Erroma.
Euskal Herrian, eskualde irekietan berehalako latintze goiztiarra gertatu zen: Ebro aldean, Akitanian, Pirineo urrenenean, eskualde zeltizatuetan e.a. Hiriak eraiki zirenetik bizitza elebiduna egiten zen, gerora, latin elebakar bihurtuko zena. Dena den, mendialdean "Saltus Vasconum" inguruan, euskara nagusitu eta denbora luzez iraungo zuen.
Ez da gauza erraza jakitea zer dugun, eta zer ez, orduko latinetik etorria. Nolanahi ere, "bago" edo "gaztaina", esate baterako, latinetik zuzenean (tarteko erromanikorik gabe) heldu ziren euskarara eta mailegu zahartzat eman daitezke. Halaber, "bake, bike, biku, ingude, iztupa, goru, buztarina, lupu, angelu, okela" eta abar. Horrez gain, latinaren eragina lexikoan ez ezik erator-atzizkietan azpimarratu izan da. Guzti hori, kristautze-unearen atarian gertatzen da, hain zuzen ere latinaren mailegu-olatu berria ekarriko zuen kulturazio-une baten ataurrean.
Loturak: Euskararen historia;
Iturria: Euskara euskaldunon hizkuntza, Joseba Intxausti/