<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskara Errioxan

Errioxa Garaia euskalduna izan dela ez du inork zalantzan jartzen, baina noiztik izan ote den da eztabaidagai. Errioxaren euskalduntasuna gehien ikertu duen Merino Urrutiaren ustez, Errioxako autrigoiak eta beroiak antzinatik ziren euskaldunak. Beste hainbat jakitunek, ordea, ez dute horrela adierazten; berandu xamar jartzen badute ere, X. mendeaz geroztik Nafarroako mendebaldetik eta Arabatik etorritako emaitza bezala ikusten dute.

Izan ere, Erdi Aroko Errioxa politikoki XI - XII. mendeetan eratu bazen ere lehenagotik zabaldua zegoen Iruņeko erresuma lur horietan. Arabiarrei aurre egiten lehenago agertzen dira bertakoak (Cenicero, 735), garaiko monasteriotako monjeek euskal izenak zituzten (San Miguel de Pedroso, 759) eta Antso I.a Gartzes erregeak inguru guzti honetan gobernatu zuen.

Ziur jotzen da Oja, Tiron eta Arlanzon ibaien arroetan eta Obarenes eskualdean lekutu zirela euskaldun haiek. Gainera, Ebro beste aldean ere euskal toponimia mendebalderago hedatzen da. Oraingo Burgos aldera gehiago zabaldu ziren euskaldunak, Bureba ingururaino. XII. mendean Jakue bidea egiten ari zen Americh Picaud erromesak, nafar-muga Oca mendietan zegoela adierazi zuen.

Oja-Najerilla tarte-muga horretan bi gune dira aipagarriak: Donemiliaga kukulako monasteriokoak eta Berceo.  Donemiliagan azaldu ziren emilianotar glosak, latinezko sermoi-liburuetan egindako oharrak dira hauek: Jzioqui dugu (piztu dugu edo halakotzat eduki dugu) eta guec ajutuezdugu (guk ez dugu aski) dira euskarazko ezagunenak. Horiez gain, badira nafar-erromantzez idatzitakoak ere, gaztelaniaren sorrerako hitzaz jotzen direnak.

1074an, Antso IV.a Peņalengoa Errioxan errege zelarik Alfontso VI.a Gaztelakoak inbaditu zuen Errioxa eta Antso IV.a bere anaiek hil egin zutenean, eta horrek sortutako nahastea aprobetxatuz, erasoan sartu zen Naiaran. Errioxa osoa, Naiara barne, Gaztelako koroari batu zitzaion 1076an. Hala ere, bada beranduagoko dokumentu bitxi bat non erakusten den 1234 - 1239 inguruan Ojacastron euskara bizirik zegoela. Gaztelako Merino Nagusi Don Merial-ek gorabeheraren bat izan zuen Ojacastroko alkatearekin, auzietan bertako auzo-lagunei euskaraz entzunak izateko eskubidea ezagutu ez zielako. Horretarako eskubidea edo fueroa aitortu zitzaienean bakarrik utzi zuten libre merinoa. Hortaz Gaztelako Fernando III.ak Errioxa-Garaian ofizialtasunen bat aitortzen zitzaion euskarari.

Iturria: Euskara euskaldunon hizkuntza, Joseba Intxausti;