<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euskara eta hizkuntza erromanikoak
Erdi Aroan, eta Erromatarrek Euskal Herria inbaditzearen ondorioz, latinetik jaiotako hizkuntza berriez inguratuta, eta inguratuta ez ezik horietako hiztun arrotz asko barruan zituela, aurkitu zen euskara.
Gotuerak, godo eta bisigodoen hizkuntza, ez zuen ez politikoki, ezta sozio-kultural moduan ere aski indar izan euskara arriskuan jartzeko; arabierak (VIII - XI. mendeak), ostera, Erriberan politikoki ongi finkatuak eta kulturalki indartsuagoak, Iruńeko erreinuan izan zuen bere hesia. Herriok hemen berton Estatu eratu iraunkorrik utzi ez zigutenez, ez zuten ondoko mendeetarako hizkuntza lehiakiderik ere hemengo inguruetan finkatu.
Hurrengo mendeetan (X - XV.), lagun edo arerio, euskarak bere ondoan izan zituen hizkuntza-erromanikoak suertatu ziren; eta berauek izan ziren, bizilagun bezala, garrantzirik handiena izan zutenak: iparraldean okzitaniera eta gaskoiera; ipar-ekialdean aragoera eta nafar-erromanikoa; eta hego-mendebaldeetan, gaztelania.
Jakue Bideak eraginda eta agintarien politikak erakarrita, hiztun arrotzik ez zen falta izan barnean ere: merkatalgoa eta hiri-bizitza indartzeko frankoak etorri ziren (okzitanieraren dialekto ezberdinekin); dozenaka judu-auzo ere bazen, hebreeraz ari zena, eta Hispaniako konkista zabaldu ahala, beti geratzen ziren Nafarroa Osoan arabieradun batzuk. Gaztelarren populatzearekin, gaztelania ere hegoaldera zabaldu zen bereziki, artean euskararen barrutia bere hartan utziz. Eta gogora dezagun; frantsesaren lurraldea urrun zegoen, ehunka kilometrotara.
Erromanikoetako batzuk euskaldunaren ezpainetan zebilen latinetik jaioak dira, beren fonologiek erakutsita daukatenez (gaztelaniaren fonologian ispilatzen da hau batez ere). Euskara eta erromanikoak ondoan zeudenez, ukipen-esparruetan elebitasun-modu ezberdinak bizi izan zituzten. Zoritxarrez, deus gutxi jakin dezakegu elebitasun-egoera haietaz; baina, nolanahi ere, euskara ez zen izan sortzen ari ziren jaun edo “gorenekoen” hizkuntza, eskolatuek, latina baitzuten eginkizun jasoetarako eta berau uzten zutenean, euskarari ez beste edozein mintza-molderi heltzen zioten. Hortaz, sozialki azpiko hizkuntza zen hau, biztanleetako gehiengoaren zen eskualdeetan ere.
Erdi Aroko hizkuntzen geografia hartan bi gertakari handi azpimarratu behar dira: bata, Akitanian eta Pirinioetan, Erdi Aroan zehar atzera egin zuen euskarak; baina bigarrena, Euskal Herri hegoaldean hedapen nabaria ere izan zuen.
Iturria: Joseba Intxausti/