<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Ehun Urteko Gerra
Ehun Urteko Gerra esaten zaio Ingelesen eta frankoen artean, 1337 eta 1453 bitartean, izandako gatazkei. Batetik, Ingalaterrako Eduardo III.ak (Frantziako Felipe IV.a Ederraren biloba amaren aldetik) frankoen tronua eskuratu nahi izan zuen; eta bestetik, Ingalaterrako erregeak artile-merkataritzan ingelesarekin lotutako hiri flandestarrekin batu egin nahi zuen. 1337an Eduardo III.aren eta Felipe VI.aren agintaldian, Crecy-n ingelesek frankoak garaitu (1346) eta Calais eskuratu zuten. Ingalaterrako Printze Beltzak Poitiers-en garaitu (1356) eta Frantziako Joan II.a Onbera preso hartu zuen. Frantziak Bretigny-ko ituna sinatu behar izan zuen (1360) eta erresumaren laurdena galdu zuen.
Ondorengo urteetan Karlos V.ak lurralde asko berreskuratu zituen. Karlos VI.aren agintaldian, ordea, ingelesek berriro aurrera egin zuten. Azincourt-eko bataila irabazi (1415), Frantziako erregea uzkaili eta Ingalaterrako erregearen erregeordetza ekarri zituen Troyes-ko ituna inposatu zuten (1420). Karlos VII.aren garaian, Joana Ark-ekoak abertzaletasun frantsesa suspertu zuen. Orléans askatu eta Reims-en Frantziako erregea koroatu zuten. Nafarroako erregeak (Joana II, Karlos II.a, Karlos III.a eta Blanka I.a) Ingelesek alde batzuetan eta Frantziarren alde bestetan aritu ziren batetik, eta Gaztelako erregeekin gerran bestetik. 1450ean Gaston XI.a Foixkoak Aiherrako Hitzarmena sinatu eta Lapurdi Ingalaterrako koroaren menpetik Frantziakora igaro zen. Ondorengo urteetan frantsesek ingelesak bidaltzea lortu bazuten ere, Ingalaterrak, 1558 arte Calais mantendu zuen. Ehun Urteko gerra Castilon-go batailaren ondoren amaitu zen.
Loturak: Bertrand du Guesclin; Suffolkeko dukea;
Iturria: Elhuyar