<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euskal Herria, kontzeptu kulturala, etnikoa, lurraldekoa, politikoa eta sinbolikoa
Duela ez luze erabaki du Euskaltzaindiak Euskal Herria hitzaren erabilera: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena. Erabaki ausarta zalantzarik ez, euskal hitza frantses eta espainol hitzekin kontrajarri eta Euskal Herriaren izena ez ezik izana ere ukatzen dutenen aurrean. Erabaki ausarta eta maisuki hartua, horretarako, euskaraz idatzitako literatura hartu baita oinarri. Ausarta bai, egungo banaketa politikoaren aurrean, baina ez behar bezain zabal. Hala, adituen esanari izpirik kendu gabe, azal dezagun zertan geratu den motz, Nafarroako Estatuaren bilakaeraren ikuspegitik, erabaki hori.
Gauza jakina da, Euskal Herria izena aspaldian izan dela hedatua kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, egungo politika eta administrazio mugen, ezberdintasun historiko, nahiz sinbolikoen gainetik. Hala ere, Euskal Herria hitza XVI. mendera arte ez zaigu idatzirik azalduko. Berriki ezagutu dugun Joan Perez de Lazarragaren esku-izkribuak aipatzen du, 1564 inguruan, "eusquel erria". Hala eta guztiz ere, ez dirudi hitz hori Lazarragaren asmakizuna denik, zeren Joanes Leizarragak, 1571a inguruan, bere erreginaren ohorez jarritako bi hitzaurretan azaltzen baita "heuscal herria" hitza, bitxia bada ere, lehenik frantsesez argitaratutako hitzaurre horien "pays des Basques" euskarazko ordaina ematean.
Arabako Lazarraga eta Lapurdiko Leizarragaren artean harremanik zegoen ala ez, ez dakigu; baina biak ala biak erabili zuten hitz bera, grafia ezberdinez, Euskal Herria izena euskaldun (-en) herria definitzeko; behar bada, ordura arte erabilitako Waskonia, Baskonia edo Pays des Basques hitzen aurrean "Basques (-en) herria" baino egokiagoa zelakoan; edo garai hartako Euskal Herriko populuaren artean zabaldutako hitza zelako, eta haiek herriaren iturritik zuzenean edan zutelako.
Urte batzuk geroago, 1643an, Pedro Axular idazle nafarrak ere idatzi zuen horrela "Gero" liburuan. Irakurleari zuzenduriko hitzaurrean, gaiaz mintzo delarik, honela dio: “Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan.”.
Berak horrela nahi izan ala gabe, Axularrek Euskal Herria hitzari garaiko lurralde banaketa kontzeptua eransten dio "euskaraz mintzo den herria" esanahiari. Argi baitago, garai horretan, Arabako eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualdetan euskara galdua zela "herritarren" artean; hala ere, Axularrek herrialdeak bere osotasunean hartzen ditu euskararentzat. Baina, euskara galdua zuten herritar horiek barneratuz ez bezala jokatzen du Axularrek "... eta beste anitz lekutan" esatean: Akitanian, Errioxan, Aragoin..., ez hain aspaldian euskara galdua zutenen aurrean, aipatu gabe utzi alegia.
Esanak esan eta idatziak idatzi, gaiaren konplexutasunak hausnarketa sakonagoa eskatzen duelakoan gaude. Esan gabe joan baita Axularren garaian izan ez eta egun eskura ditugun ikerketarako dokumentu eta tresnak erabilita orduan ez bezalako aukerak ematen dizkigula zientziak. Ontzat emanda Joxe Miel Barandiaran eta Koldo Mitxelena maisuek beste hainbatekin batera erakutsitakoa, esan dezakegu, Euskal Herrian gizakia aspalditik bizi delako aztarnak badaudela eta ikerketa berriek baieztatzen dutela euskaldunen arbasoak zabaldu zirela Garona ibaiaren hegoaldetik Ebroren bi aldetaraino, Duero ibairaino, eta Bizkaiko mendebaldearen itsasaldetik egungo Lleidako lurretaraino.
Hortaz, Europako hizkuntzen mapa ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa. Gizakiaren joan-etorriak eta tribu-komunitate batzuen nagusitasunak eraginda erabateko aldaketak izan baitu historian zehar. Orain bost mila urte euskaldunen komunitateak hartzen zuen lurraldea egungoa baino askoz zabalagoa zen, eta indo-europearrak ez ziren hainbat hizkuntzez inguratua zegoen. Euroasiar tribuak, zeltak kasu, mendebaldera zabaltzen hasi ziren eta pixkanaka-pixkanaka, hizkuntza indo-europearrak nagusitu egin ziren kontinentean, bertako tribu-hizkuntzen kaltetan. Neolitikoan ordea, K.a. 2000 urte inguruan, Pirinio bi aldeetako biztanleek mintzatzen zuten hizkuntza oraingoaren oso antzekoa zen, proto-hizkuntza bazen ere artean: protoeuskara, alegia. Horrela, euskara izan ezik, bertako hizkuntza guztiak ordezkatuak izan ziren. Euskara da, beraz, hizkuntza indo-europearrak hego-mendebaldera zabaldu aurreko bizirik mantendu den Europako antzinako hizkuntza.
Erromatarrak Euskal Herrira etorri zirenean, ordea, bertan bizi zirenei buruzko informazio berria eman ziguten idatziz. Salustio Cayo Crispo (K.a. 86-35) historialari eta politikari izan zen “baskoi” hitza idatzi zuen lehena. Handik aurrera erabili zen “baskoi” hitza euskal eremu zabalenean bizi ziren giza-tribuak izendatzeko. Baskoi deitutako jendea Garonatik hegoaldera akitaniar, gipuzkoar, arabar, bizkaitar eta errioxar jendea, barduliar, karistiar, autrigoiar eta beroiarren tribuen barne sailkatzen dituzte; egungo Nafarroa Garaiko lurretan baskoiak ziren eta, susetaniar eta iazetaniarrak eki-mendebaldean. Hortaz, arraza bereko ere omen ziren euskal tribuen hedapena oparoa izan zen garai hartan.
Baina, egungo antropologia- eta antropogenetika-ikerketa modernoagoek adierazi dezaketen arraza-ahaidetasunez landa, gauza ziurra dirudi tribu haien guztien hizkuntza komuna euskara zela. Gizaki haiek, arraza berekoak izan ala ez, horien oinordekoek historian zehar eta egun arte gizarte antolamendu, egitura juridiko-politiko eta herri-sentimendua garatu eta mantendu dute belaunaldiz belaunaldi antzinako beren lurraldean bertan. Nahiz eta, Europako hizkuntzen mapari buruz esandakoa, lurraldeari eta antolamendu politiko juridikoari buruz ere gauza bera esan behar: ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa. Gizakiaren joan-etorriak eta tribu-komunitate batzuen nagusitasunak eraginda erabateko aldaketak izan ditu mapa politikoak historian zehar.
Erromatarrek aitortutakoaren ondoren, bisigodoen "domuit vascones" esapideak argi adierazten du, menpean jarri nahi ez, eta, bertakoak menperatzeko izandako gatazkak. Akitania-Baskonia eta Baskoniako dukerriaren hedapenak, Iruñeko sarraskiaren ordaina Frankoen Karlomagnori Orreagan emandakoak, Iruñeko erresumaren sortzeak eta Arabiarrek Antso I.a Gartzes Valdejunqueran garaitu arren Iruñea menpean inoiz mantendu ez izanak argi erakusten dute herri izaerako giza antolamendu bat bazela baskoiena deitutako lurraldean; jakina, historian zehar aldatuz joan dena.
Hortaz, Baskonia zenak, Iruñeko erresuma izenarekin lehenengo eta Nafarroako erresuma deitua izan zenak gero, bere baitan bildu zuen antzinako euskararen lurraldea izan zenaren zatirik handiena. Antso III.a Nagusiak Gaztelako kondearekin egindako "Adiskidetasun Hitzarmenean" (1016), Alfontso I.a Borrokalariak eta Gaztelako Alfontso VII.ak Támaran sinatutakoa (1127an) eta azkenik, Ingalaterrako Enrike II.a Plantagenetek Nafarroako Antso VI.a Jakitunaren kaltetan emandako "laudoan" (1177), horietan, Nafarroa eta Gaztelako muga Kastrotik jaisten zen bertikalean Soria ingurutaraino, Duero ibaiaren ipar isuriraino. Horrez gain, Nafarroako Antso VI.a bera izan zen bere erresumako bertakoen hizkuntza "lingua navarrorum" izendatu zuena, euskara, ofizialki, nafarrera bihurtuz (1167).
Izan ere, garaiko Euskal Herrietan, nafarreraz gain ohikoa baitzen entzutea herritarren artean gaskoieraz, okzitanieraz, nafar erromantzez, aragoar fablaz, arabieraz, hebreeraz edo asturiar bablez; Nafarroako gortean eta monasterio katolikoetan, berriz, latina zen idatzietarako eta harremanetarako hizkuntza ofiziala, gainerako Europan bezala. Horiek gutxi balira, ez dezagun ahantz Nafarroako erresumaren erdi-erditik igarotzen zirela Europa eta Galiziako Conpostela lotzen zituen Jakue-bideak, zalantzarik gabe, bertakoen kultura, pentsamendua eta garapen teknologikoan izugarrizko eragina izan zutenak. Hiru ziren bide nagusiak: kostaldekoak Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatzen zuen; erdialdekoak, Nafarroa Beherea, Orreaga, Nafarroa Garaia, Arakil, Araba eta Bureban barrena igarotzen zuen; eta hegoaldekoak Aragoi, Nafarroa Garaia eta Errioxa zeharkatzen zuen, Naiara utzi ondoren Gaztela-Leongo lurretan sartzeko. Giza mugimendu honek berak baliogabetzen du Euskal Herriko biztanleen arraza-kultura bakartasunaren edozein teoria.
Nafarroako erresumaren mugak, ordea, Euskal Herria deitutako euskaldunen herriarekin, bat egin izan du beti. Aipatutako mendebaldeko Oka mendikateko mugaz gain; hegoaldean, Tutera edo Gailurretik Gailego ibairaino eta Ribargortza Pallarseraino; eki-iparraldean, Foixko konderritik, Garona ibaiaren hego isurietan zehar Bordeleko mugaraino iritsi baitzen "Nafarroa maximoa". Horrek adieraziko luke garbien euskararen (nafarreraren) eta baskoien tribuen, etnien, antzinako lurralde naturala, non bere egitura politiko-juridikoa eta imaginario kolektiboak zabaltze handiena izan duen historian.
Bilakaera historikoak ordea, besterik erakutsi digu: nafarreraren eta "Nafarroa maximoaren" subiranotasuna eta lurraldea Gaztela eta Frantziako erresumaren eraso eta inbasioen eraginez murriztuz joan dela, alegia. 1054an, Gaztelako konde eta Leongo errege Fernando I.ak bere anaia Gartzia Naiarakoa, Nafarroako erregea, hil egin zuen Atapuercan. 1076an gaztelarrek Naiara hartu zuten, 1200ean Errioxa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; eta hiru mendetan etengabe borrokan ibili ondoren, 1512an, Gaztelarrek Nafarroa Garaia inbaditu zuten, zenbait nafar garaiar, gipuzkoar, bizkaitar, arabar eta Erromako aita santuak laguntza emanda. Nafarroako errege-erreginak Biarnon errefuxiatu ziren eta Nafarroa Beherean baino ez zioten independentziari eutsi. Gaztelarren menpeko egoera horretan idatzi zituen, baina ez inprimatu, Joan Perez de Lazarragak bere poemak, eta erresuma txiki baina subirano baten erreginaren aginduz itzuli eta argitaratu zuen Joanes Leizarragak higanoten biblia. Testuinguru horretan, alegia, jartzen da paperetan idatzita Euskal Herria hitza.
Hala eta guztiz ere, Euskal Herria hitza eta lurralde horren irudi sinbolikoa gaurdaino iraun du. Eta horrekin batera Euskal Herria kontzeptu politikoa ere iraun du gaur egun arte; Berriki, 2004ko uztailaren 23an, Euskal Herria hitzaren erabilera akademikoa erabaki du Euskaltzaindiak; baina guk nahiago dugu Axularren erabilera, egungo interpretazio hertsi eta mugatuaren aurrean. Axularrek dio: “Badakit, halaber, ezin heda naitekeela euskarazko mintzatze molde guztietara. Zeren anitz moldez eta diferenteki mintzatzen baitira Euskal Herrian: Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Lapurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian eta bertze anitz lekutan.” Alegia: Errioxan, Aragoi piriniarrean, Akitanian ...
Ez diezaiegun guk atea itxi anai-arrebei, eta ez dezagun guk geuk gure proiektu propioa gutxietsi. Are gutxiago euskal eremu naturala murriztu. Erabil dezagun Euskal Herria hitza Europako hizkuntza sortu eta zabaldu zutenen lurraldea definitzeko. Erabil dezagun Euskal Herria hitza Nafarroa Osoaren sinonimo gisa. Eta, erabil dezagun euskara, bertakoen hizkuntza gisa, guztiz eleanitza den gizarte baten hizkuntza nazional gisa, alegia. Erabil dezagun Euskal Herria hitza Europa Batasuneko errepublika federatu baten hizkuntza, lurralde, egitura politiko eta sinboliko bezala ez ezik errealitate nazional lorgarri baten gisa.
Iturria: puntubi