<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
deskolonizazioa
Europako estatu-nazioek munduan zehar ezarritako sistema kolonialista Aro Modernoko XVI. mendean hasi zuten Portugalek eta Espainiak. Geroago, Gaztelako Inperioaren gainbehera hasita bazegoen ere, lehen deskolonizazioa Ipar Amerikako lurraldeena izan zen, 1783an Versaillesko Parisko Itunaren bitartez Erresuma Batuarengandik independentzia lortu zutenean, Amerikako Estatu Batuen lehen egitura sortzeko. XIX. mendearen buruan gertatu zen beste deskolonizazio-prozesu handia, Espainiaren eta Portugalen Amerikako koloniak independizatu zirenean. Baina XIX. mendean berriro beste kolonizazio-prozesu batzuk gertatu ziren, bereziki Afrikan eta Asian, Erresuma Batuaren eta Mendebaldeko beste zenbait estaturen eskutik. Lehen eta Bigarren Mundu-Gerren artean, ordea, krisi bizian sartu zen kolonialismoa; eta 1945etik aurrera bizkortu egin zen deskolonizazio-prozesua bereziki Afrikan eta Asian.
1945ean Indonesiak lortu zuen bere independentzia; 1943an eta 1944an Libanok eta Siriak lortua zuten; 1947an India eta Pakistan ere independente bihurtu ziren; ondoko urteetan etengabea izan zen estatu independente berrien eraikitzea. Berrogeita hamar urteko prozesua erabakitzailea izan da egungo mapa geopolitikoaren egituraketan: 1943-1993 bitartean ehundik gora estatu berri, legez eta formalki independente, aldarrikatu ziren deskolonizazioaren ondorioz. Horrela 1945ean eraikitako Nazio Batuen Erakundearen osaera guztiz aldatu da ordutik hona. NBE bera izan zen deskolonizazioaren eztabaida-toki eta eragile nagusia; bere Kartaren 55. artikuluan herrien autodeterminazio-eskubidea onartu zuen; eta 1961ean prozesu hori bultzatzeko batzorde berezia antolatu zuen.
Estatu kolonialisten aldetiko erresistentziak handiak izan dira, kolonietako herrien errebindikazioak onartzearen aurka, independentziaren ordezko bestelako erregimen politikoak eskainiz koloniei (autonomia, federazioa, etab.), independentzia politikoa atzeratu nahian beti. Baina geraezina gertatu da prozesu historikoa, herrien askapen nazionaleko mugimenduen borrokaren eta nazioarteko presioaren aurrean. 1976an Aljerko Herrien eskubideen deklarazio unibertsalak deskolonizazioaren arrazoiak berretsi eta prozesua bultzatu egin zuen. Hala ere, erregimen kolonialeko lurralderik geratzen da oraindik; sistema kolonialistaren ondorioak, berriz, sakonak eta luzeak, eta sarritan kaltegarriak dira antzinako kolonietan.
Iturria: Harluxet