Butroe (familia)

Bizkaiko bandokide-familia, jatorriz Gatikakoak (XIV-XV. m.). Oinaztarren alde borrokatu ziren. - Gontzalo Gomez Butroekoa (izg. Zaharra) (Gatika, ? - San Bizenti, 1435). Bizkaiko ahaide nagusi, Butroeko jaun eta Bizkaiko oinaztarren buruzagia zelarik, Bizkaiko beste ahaide nagusiak bildu zituen Gaztelako erregeak zergak kobratzeko eskubidea eman ziezaiela eskatzeko (1390). Medinan Aragoiko Joan infantearen alde borrokatu zen (1421). Maria Alonso Muxikakoarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen: Joan, Muxika eta Aramaioko jauna, Gontzalo Gomez, Joana eta Alfontsa. Joan II.a Trastamarakoaren zerbitzari leiala izan zen beti. - Gontzalo Gomez Butroekoa (izg. Gaztea) (Gatika, 1368 - ?), aurrekoaren semea. Billelako Joan foru-alkatearen hilketan parte hartu zuen eta preso eduki zuten horregatik (1439). Abendaņo eta ganboatarren aurka borrokatu zen hil arte. - Gomez Gonzalez Butroekoa (Gatika, 1418 - Arrasate, 1448), Bizkaiko ahaide nagusia, Butroeko jauna eta Bizkaiko oinaztarren buruzagia izan zen. Arratiako Abendaņo familia ganboatarraren etsai handia zen eta Otxandioko abendaņotarren dorrea suntsitu eta lurrera bota zuen (1437). Billela eta Me-aka etxe ganboatarretako osteek eraso ondoren, 1441ean bakea sinatu behar izan zuen. Baina berriro ekin zion borrokari: Durango eta Bermeo hartu zituen (1446) eta Arrasateri su eman zion (1448). Ganboatarrek Gomez Gonzalez Butroekoa eta bere sasiko semea Joan preso hartu eta Arrasaten bertan hil zituzten biak.- Joan Alonso Butroekoa (Gatika, ?), Gontzalo Gomez Butroekoaren semea. Oinaztarra, Muxika eta Aramaioko jauna zelarik Gipuzkoarren aurka borrokatu zen ahaide nagusien gerran (1456). - Fortun Butroekoa (Gatika, ? - Elorrio, 1468), Gomez Gonzalez Butroekoaren sasikumea. "Butroeko Burde" ezizenaz ezaguna. Martin Baņez Artazubiagakoa hil zutenetako bat izan zen (1464).

Iturria: Harlxet