<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Burgos-ko prozesua
1970eko abenduan egin zuen Franco-ren diktadurak ETAren kontrako epaiketarik handiena: Burgosen, auzitegi militar batek erakunde armatu horretako 16 militante epaitu zituen. Horien artean hiru emakume: Itziar Aizpurua, Jone Dorronsoro, eta Arantxa Arruti; bi apaiz: Jon Etxabe eta Julen Kaltzada. Sei heriotza zigor eskatzen zituen: Xabier Izko de la Iglesia, Eduardo Uriarte, Jokin Gorostidi, Mario Onaindia, Xabier Larena eta Joxe Mari Dorronsoro. Horiez guztiez gain, Gregorio Lopez, Joxe Antonio Karrera, Josu Abrisketa, Bittor Arana eta Enrike Gesalaga. Melitón Manzanas polizi-komisarioa hiltzea eta borroka armatuarekin erlazionatua egotea leporatzen zieten.
Agintari faxistek auzi horrekin errotik eta gogorki moztu nahi izan zuten ETAren ekintzen gorakada. Auzia, ordea, ETArentzat nazioarteko propaganda eta erregimenarentzat hondamen politikoa ekarri zuen. Azaroaren 23an, Donostiako Argaia eta Bilboko Cirarda gotzainek gutun bat argitaratu zuten, bertan, erregimenari errukia eskatu zioten. Azaroaren 27an aita santuak berak ere eskari horixe bera egiten zien frankistei. Abenduaren 2an, auzia hasi behar zuen bezperan, ETAk Eugenio Beihl Alemaniako kontsula bahitu eta epaitutakoen askatasuna eskatu zuen. Prozesuak publizitate handia lortu zuen eta erregimenak nazioarteko begiraleak onartu behar izan zituen. Greba eta manifestaldi handiak izan ziren mundu zabalean. Euskal Herrian protesta gogorrak egin ziren, eta horietako batean, Eibarren Roberto Pérez langile gaztea hil zuten.
Epaituak egin beharreko deklarazioa adostu zuten, bakoitzak Euskal Herriaren zapalkuntza egoeraren alderdi bana salatzeko: Josu Abrisketak egoera sozio-laborala, Itziar Aizpuruak hezkuntza eta euskara, Bittor Aranak langileen zapalkuntza, Julen Kalzadak euskal gizartean apaizen partehartzea, eta Jose Antonio Karrerak nekazarien egoera. Epaituek gerrako presotzat hartu zuten beren burua eta Genevako konbentzioaren araberako tratua eskatu zuten. Abenduaren 5ean Espainiako gobernuak "salbuespen egoera" ezarri zuen Gipuzkoan. Espainiako prentsa eta telebista zentsura ofizialaren menpe izan arren informazio asko zabaldu zen auziaz. Auzian bertan ETAko militanteek argi eta garbi desafio egiten zieten epaileei; behin, beren guardiaren kontra oldartu ziren; iritzi publikoa hunkitzen hasi zen eta liskarrak Espainiako estatu osora zabaltzen hasi ziren. Gobernadore zibilen mehatxuei muzin egin eta greba orokorra egin zen 3 eta 5ean. Ia unibertsitate guztietan izan ziren protesta eta manifestaldiak, enpresa askotan izan ziren grebak eta lanuzteak. Abenduaren 12an Kataluniako 300 intelektual Montserrateko abadetxean sartu ziren, haien artean Tapies, Miró, Serrat, Raimon ..., eta manifestu bat argitaratu zuten: presoen amnistia eskatzen zen.
Francoren erregimenak gogor erantzun zuen. Abenduaren 14an estatu espainiar guztirako ezarri zen "salbuespen egoera". Gero, beren aldeko jendea mugitu zuten manifestaldietan: Burgosen bertan, Madrilgo Plaza de Orienten, Bilbon eta Iruñean. Baina abenduaren 25ean ETAk Eugenio Beihl askatu zuen eta iritzi publikoa bere alde jarri zuen. Hilaren 28an, Burgosko auziaren epaiak eman ziren, eskatutako baino zigor handiagoak ezarriz (9 heriotza zigor sei auzipetutakoentzat eta 518 urteko kartzela zigor), baina epaia ezagutu bezain laster mundu osoan epaia baliogabetzearen eta indultuaren aldeko mugimendu handia eta presioak hasi ziren; egoera ikusita, betearazi gabe utzi behar izan zituen Francok heriotza-zigorrak eta abenduaren 30ean heriotza zigorrak kartzelaz aldatzen zirela jakinarazi zuen.
Burgosko auziak aldaketa ekarri zuen historiaren ildoan. Euskaldunen nazio kontzientzia esnarazi zuen, ETAren ekintzek frankismoaren gaitzespena eta euskal nortasunaren sentipena handitzea eragin zuten. Francoren erregimenak ez zuen ETA suntsitu, aitzitik, zilegi bihurtu zuen. Diktaduraren azkeneko krisialdiaren eragile nagusi eta euskaltzaletasunaren indartzearen abangoardia izatea lortu zuen ETAk.
Loturak: >Eusko gudariak; >Tomas Garikano; Frantzisko Letamendia;
Iturria: Lur Entziklopedia/ Harluxet