<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

arabiera

Hizkuntza semitikoa, Arabian, Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan mintzatzen dena. Arabiera, arabiar herrien hizkuntza ofiziala izateaz gain, musulmanen erlijio-hizkuntza da eta 135 milioi hiztun baino gehiago ditu. Arabiera musulmanen konkistei esker Iraketik Marokoraino hedatu zen eta hizkuntza desberdinen substratuen eraginez aldaera lexiko eta fonetiko nabarmenak dituzten dialekto ugari ditu, betiere ezaugarri morfologiko eta sintaktiko nagusiak eredu den Koran liburu sakratutik gehiegi aldendu gabe gorde direlarik.

Arabiera klasikoak Arabian Islamaren aurretik mintzo ziren dialektoen arteko koinean du jatorria eta neologismoz jositako egungo arabiera modernotik asko aldentzen da. Idazkerari dagokionez, arabieraren idazkera nabateoek erabiltzen zuten alfabeto zirkularraren ondorengoa da, Islamaren hastapenetan egun ezagutzen diren formak zehaztu zituena. Beste hizkuntza batzuek ere erabili izan dute eta erabiltzen dute alfabeto hau: pertsierak, urduak eta turkierak (latinaren alfabetoak ordezkatu zuen 1928an) eta, gutxiago berbere eta siriar hizkuntzek. Sistema honetan, eskuinetik ezkerrera idazten da eta kontsonanteekin batera bokal luzeak bakarrik adierazten dira. Gainerako bokalak Koranean, liburu zahar eta eskolako testuetan ageri dira soilik.

Iturria: Harluxet/