<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Antzin Aroa

Antzin Aroa esaten zaio historiaurrearen bukaeratik (lehen dokumentu idatzien garaitik) Erdi Aroaren hasiera arteko, hots, Mendebaldeko Erromatar inperioaren suntsidura (K.o. 476) arteko aro historikoari. IX. menderarte, Antzin Aroa edo Antzinatea Grezia eta Erromako zibilizazioak hartzen zituen garai historikoa zela esanez definitu zen. Harrezkero, Ekialde Hurbileko zibilizazio eta erresumak (Egipto, Mesopotamia, Pertsia, Fenizia, Israel, etab.) ere barne direlarik ulertzen da, historiaren hasiera asko aurreraturik. Baina antzinako zibilizazioak ez dira Mediterraneoaren inguruan bakarrik garatu; Asia eta Amerikako beste hainbat zibilizazio eta erresuma (Txina, India, Mexiko, etab.) ere Antzin Aroaren barruan aztertzekoak dira.

Hala ere, Antzin Aroa noiz hasi zen ez dago kronologikoki soilik mugatzerik, historiaurreko giza taldeetatik nolabait bereizten ziren gizarte-egitura batzuen agerpenak abiarazten duen historiaren hasiera gisa ere ulertu behar da; zibilizazioa, ordea, ez zen toki guztietan aldi berean agertu. Historia abiarazten duten ezaugarrien artean, idazketaren erabilera ez ezik, hiri-estatuen agerpena, gizarte-egitura egonkorrak, etab. aipa litezke. Historialariek Egipto eta Mesopotamian (Sumerren hain zuzen) kokatu ohi dute historiaurrearen amaiera eta historiaren hasiera (K.a. ~3200), eta bertako gizarteak Neolitikotik historiara zuzenean iragan zirela esan ohi da.

Ekialde Hurbileko lehen hiri-eraikuntzak, berriz, aurkikuntza arkeologikoek erakutsi dutenez (Jeriko) K.a. 8000koak dira. Egiptoko faraoien zibilizazioak, gorabehera guztiekin, 3.000 urte luzetan iraun zuen bitartean, Mediterraneotik Indiara bitarteko lurraldetan hainbat herri, kultura, erresuma eta inperio agertu, loratu eta desagertu zen (Akad, Babilonia, Asiria, Israel, hititak, feniziarrak, mediarrak, partiarrak, etab.), Alexandro Handiak bere inperioa K.a. IV. mendearen azken aldera zabaldu zuen arte. Mendebaldeko zibilizazioa Greziak eta Erromak garatutakoaren eta kristautasunaren arteko sinbiosia da funtsean. Kristautasuna, berriz, 1.000 urtez gaurko Palestina eta Israelgo lurraldean garaturiko kultura eta erlijio juduaren zordun da oinarrian. Greziak landuriko zibilizazio handiak ere Ekialde Hurbileko kulturen eragina hartu zuen; baina hainbat alorretan bere garapen guztiz berezia lortu zuen: politikan, literaturan, filosofian, artean. Alexandro Handiaren inperioaren ondorioz kultura grekoaren eta Ekialde Hurbileko zibilizazioen arteko elkarreraginez sortu zen helenismoa deituriko zibilizazioa, Egiptoko Alexandria hiriburu zuena.

Erromatar inperioak, Alexandro Handiaren lurraldeak ez ezik, Europakoak konkistatu zituen; eta bere lege- eta administrazio-sistema eraginkorra ezarri zituen, Mendebaldeko zibilizazioari utzi zizkionak. Palestinatik zetorren kristau-erlijioa azkar zabaldu zen Erromatar inperioaren eragin-eremuetan eta hirietan. Agintari inperialen aldetiko erasoaldi eta guzti, bertako egitura eta kultura berrira egokitzen jakin zuen, 331n inperioan onartua izan zen arte, eta geroxeago bertako erlijio ofizial bihurtua, erlijio paganoak desagertzen ziren bitartean. Herri germaniarren edo bisigodoen inbasioek ekarri zuten Mendebaldeko Erromatar inperioaren eta zibilizazioaren suntsiduraren testigu izan zen kristau-eliza, eta nolabait horren jaraunspena pasa zion Erdi Aroari. Antzin Aroarekin batera bukatu zen, baita, esklabotzaren instituzioa, aro guztiaren nolabaiteko ezaugarri sozialtzat har daitekeena. Ondoren Erdi Aroa sortu zen.

Iturria: Harluxet