<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

XVI - XVII. mendeetako krisia

Europa aldeko zati handi batean zabaldutako izurria oraindik erabat gainditu gabe, egoera ez zen hobetu XVII. mendean; orduan ere hondamendi handiak izan baitziren Europa osoan: lehorteak zirela, izozteak zirela, kazkabar erauntziak, eurialdiak... Nolanahi ere krisialdia arinagoa izan zen Euskal Herrian Europako beste lurralde askotan baino, Gaztelan eta Frantzian baino, esate baterako. Dena dela, krisia eta ondorioak alde handiak izan zituen Euskal Herrian bertan.

1635. urtetik aurrera asko gehitu zen biztanleria Euskal Herri hezean eta 1655az geroztik etengabe eta modu jarraituan gehitu zen. Bien bitartean, Bizkaiak eta Gipuzkoak eraberritu egin zuten bere ekonomia, 1650erako oihalgintzak behera egin ahala burdinaren eraldaketa nagusitu zen, hirietako jarduera ziren eskulangintzan eta merkataritzan batez ere. Nekazaritzan artoa sartzeak zabaltzea eta produkzioa gehitzea ekarri zuen. Ondorioa nabarmena izan zen: elizateetan biztanle gehiago bizitzea hiribilduetan baino.

Nekazaritzaren ekoizpena handitzeak, ordea, artisautza eta merkataritzaren krisia ekarri zuen XVI. mendean. Artoa primeran egokitu zen Euskal Herri hezeko girora; lurra iraultzeko laia erabiltzen hasi ziren (laia goldea baino barruago sartzen da eta lurra errazago oxigenatzen da horrela) eta lurra karez ongarritzen (lurraren kapilaritatea hobetzen da eta nitratoak azkarrago askatzen dira kareari esker). Baserri lana berregituratzeak eta modernizatzeak ekarri zuen abere kopurua handitzea eta nekazarien elikadura hobetzea. Nekazaritzara emandako gizartea sortu zuen, ez hirietakoa bezain dinamikoa, baina egonkorragoa eta lasaiagoa bai behintzat. Landa eta nekazaritza inguruneak aukera hobeak eskaintzen zituenez aldatu egin zen migrazio emaria; ordu arte gehienbat hirietarakoa zena, landa lekuetara bildu zen. Luberriak lantzeko prozesua bultzatu zen, legearen arabera batzuetan eta legez kanpo besteetan.

Handik aurrera landak eta hiriak demografia erritmo desberdinak izan zituzten. Nazioarteko egoera larria zela-eta XVII. mendean hiriak ez ziren askorik aurreratu, berregituratu baizik. Demografiak gainbehera egin zuen hirietan, salbuespenak salbuespen: Bilbo, Elorrio, Miraballes, Otxandio, eta beste herri batzuk. Bestela, eskuzko langintzetatik eta merkataritzatik bizi ziren herrietan nabarmena izan zen demografiaren gainbehera. Urduņak, esaterako, biztanleen erdiak galdu zituen XVII. mendean zehar; eta antzera gertatu zen Durangon, Balmasedan etab.

Gainbehera gertatu zen kostaldeko herrietan ere; Bermeon, adibidez, eritasunei, eta mairu eta holandarren kortsarioei egozten zioten biztanle galera hori. Getariari kalte handia egin zion Flandriako matxinadak eta kortsarioen ugaltzeak; Hondarribiari, ordea, Aragoi eta Nafarroako artilea Frantziako portuetatik esportatzeak eta gerrek egin zioten kalte. Medina-Flandria ardatza hautsi zen eta Armada Garaiezina suntsitu zutenean itsaso-kontrola galdu zen.

Arabako biztanleriaren gainbehera areagotu egin zen XVII. mendean. 1683an Arabako probintziak 1525ean baino biztanle gutxiago deklaratu ziren. Errioxaldea Gaztelatik sartzen ziren soldaduen pasalekua zen eta haien arpilatzeak kalte handiak eragin zituzten. Nekazaritzaren aurrerapena, berriz, ez zen beste herrialdetakoa bezain azkarra, artoa ez baitzen ongi egokitzen lurralde lehorretan. Horien guztien eta zergen zama handitzeak aldaketa eragin zuen Arabako lurren jabegoan.

Iturria: Lur Entziklopedia