Naiara

Naiara Errioxako herria da, Demanda mendikatearen pean dago eta Najerilla ibaiak zeharkatzen du. Naiarako historia Nafarroako erregeen egoitzarekin eta erresuma horren eta Gaztelako inbasioen liskarren artean igaro da. Ibaiaren ezkerraldean alde zaharra dago eta eskuin aldean modernoa. Historia ezagutzeko bisita oso garrantzitsuak egin daitezke inguruan.

IKUSTEKO

Santa Maria Erret-eliza

Alde zaharrean dago kokatua; goizez 9:30etatik 12:30etara, eta arratsaldez 16:00etatik 19:30etara dago zabalik. Gartzia III Santxez Naiarakoak eta bere emazte Estefaniak agindu zuten eliza eraikitzea. Alegiak dioenez, 1044an, birjina eta haurraren irudi bat ikusi zuen zulo batean. Kalagorri berreskuratu ondoren (1045) Santa Maria tenplua eraikitzea agindu zuen (1052). Geroztik errege-gortea bertara eraman eta handik aurrera Nafarroako errege eta hainbat nobleen hilobiak bertan izango dira.

Kanpo aldetik garai desberdinetan eraikuntzak nabarmen daitezke: Harresi-horma garai, euskarri biribil eta zelatatze-dorreek monasterio eta gotorleku arteko nahasketa adierazten dute. XVII. mendean dorre laukia eraiki zuten eta apaingarriz hornitu zuten inguru guztia. Elizako sarrera 1621 eta 1625 urteen artekoa da.

 

BISITAREN IBILBIDEA (ikus planoa)

Orain ikus daitekeen eraikuntzaren zati asko XV. eta XV. mendekoak dira. Apenas ez da geratzen ezer jatorrizko eraikuntzatik eta estilo anitz eta nahastuak tartekatzen dira ibilbidean zehar.

1.- Karlos I.aren atea eta Erregeen eskailera

Horrela deitua enperadoreak bere armarria ate gainean paratu zuelako, 1520 eta 1523an egindako bisitetan emandako dirua eskertzeko Beneditarrek eskainia. Sarreran bertan hasten da goiko kalostrara igotzeko eskailera eta eraikuntza data kupulan irakur daiteke: 1594.

2.- Zaldunen kalostra

1517 eta 1528 urte artean eraikia. 24 arku ditu, estilo desberdinekoak. Zaldunen kalostra deitzen zaio bertako pareta eta zoruan hamaika zaldunen hilobi bertan eraiki zituztelako. Zoruko hilobi harriak kendu egin ziren, baina, paretako batzuk geratu dira eta bertan idatzitakoa irakur daike hainbatetan.

3.- Haroko Lopez, Mentzia andrearen hilobia

Kalostraren eskuin aldera sartuta, txokoan, "Doņa Mentzia Lopez de Haro" andrearen hilobia dago. Lopez Haroko leinukoaren andre hori Portugalgo erregina izan zen, bere bigarren ezkontzari esker. Antso II.a Kapelorekin ezkondu zen eta erreinua galdu ondoren hil zen (1248). Mentzia andrea Naiarara itzuli eta bertan hil zen 1272an. Esker-eskuin bere anaien hilobiak daude.

4.- Haroko leinuaren mausoleoa

Haroko leinua, Haron bertan sortua, Antso III. Nagusiaren ondoren Haroko eta Naiarako konde eta, Bizkaiko jaun tituluak eskuratu zituzten mendeetan zehar. Familiako asko dago hemen lurperatua, denen izenak jakiterik ez badago ere. Kalostra honen alboan ikus daitekena Haro-ko Diego Lopez II.a Gaiztoarena da (1170 - 1214). Azpian, bere bigarren emazte Toda Perez Azagrakoaren hilobia dago, 1216an hil zen.

5.- Ate platereskoa

Kalostratik elizara sartzeko atea, gaztainondo egurrez egina, ikusgarria da. XVI. mendearen lehen aldiko obra hau arte platereskoaren altxor preziatua da. Garai hartako ikusgarrienetariko bat.

6.- Santa Maria tenplua

Nafarroako erregeek eraikitako erromatar-mozarabe estiloko tenplu haren aztarnarik ezin da ikusi. Gartzia III.ak eta bere emazte Estefaniak 1052 eraiki zuten jatorrizko eliza, ederrenetakoa bere garaian, ziur. XV.mendean, Gaztelako erregeek beste eraikuntza egin zuten haren gainean, Eugenio IV.a aita santuaren laguntzaz, 1422 eta 1453 urte artean. Hiru areto zuzen eta gurutzatutako bat jasotzen da hamar zutabe tinkoen gainean. Geroztik ere asko izan dira egindako berrikuntzak.

 

7.- Santa Maria birjinaren irudia.

Erdi-Aroko irudi ederra, estilo bizantziarra. Aurrez aurre begira dago eta eskuarekin haurrari heltzen dio. Gartzia erregeak aurkitu zuen hemengo zulo batean, alegiak dionez. Haurraren irudia berezia da, nerabe itxura baitu, eta amaren magalean eserita agertzen da eskuarekin ikuslea bedeinkatzen duen aldi berean. Egurrezkoa da, aurrealdea soilik du landua eta 1948an zaharberritua izan zen Nafarroako "Bianako Printzea" Institutuan.

8.- Erretaula

XVII. mendeko obra da. Birjinaren ondoko irudi beltzak S. Benito eta Santa Eskolastikaren irudiak dira, beneditar fraide eta lekaime ordenen fundatzaileak; otoitzean dauden irudiak eliza eraiki zuten errege nafarrenak dira. Erretaula barroko honek margotutako beste baten ordez eraiki zen. Haren zati batzuk Amberesko museora eraman zituzten, Hans Memling pintore famatuaren obra XIX. mendean saldu baitzuten.

9.- Naiarako dukeen hilobia

Presbiterioaren ezkerraldean daude. Marmol gorriskaz eginak daude eta Haro leinuaren armarria dute landua aurrealdean. Nafarroako errege Antso III.aren babesean sortuarren XI. mendetik aurrera gaztelarren alde eta Nafarroako erregeen kontra aritu ziren. Batez ere 1512an Nafarroako konkistan, eta 1521ean Noaingo batailan. Fernando II. eta Isabel I. Inkisizio garaiko errege katolikoek 1482an Larako Manrikeri duke titulua eman zioten, eta 1512an, gaztelarrek izendatutako lehen erregeordea izan zen Nafarroan. Halaber, Larako Joan Esteban Manrike gaztelarren erregeorde izan zen Nafarroan, 1521ean. Garai horretan Naiaran zegoen Inazio Loiolakoa, gaztelarren alde arma ikasketak egin eta Nafarroako konkistatzeko.

10.- Infanteen hilobia

Zaharberritze lanak zirela-eta alde honetara ekarri zituzten errege-familia, noble eta infanteak. Nahasturik daude dinastia eta belaunaldiak.

11.- Nafarroako Blankaren hilobia

 

Biziki ederra da Nafarroako Blankaren hilobia, gaineko tapa besterik gordetzen ez bada ere. Erdi-Aroko erregeen hilobietatik salbatu den bakarra da. XII. mendearen erromatar estiloko bitxia da. Figurek garai hartako jendearen jantzi eta ohiturak erakusten dituzte. Baita ere erregina gaztearen hil zeneko irudiak.

 

12.- Mariaren leize-zuloa

Gartzia III.a Nafarroakoa bere belatz eta eperraren atzetik zihoala leize zulotxo honetan aurkitu zituen, bizirik eta lasai, bi hegazti etsaiak. Haiez gain, birjinaren irudia eta zitori pitxar bat ikusi zituen. Hura miraria eta seinale ona zela-eta Kalagorri berreskuratzea abiatu zen. Bataila irabazi eta leizearen ondoan tenplu ederrena eraikitzea agindu zuen. Hemen dagoen irudia XII. mendekoa izan daiteke, jatorrizkoa aldarean dagoena da.

13.- Erregeen hilobiak

Santa Maria Erret Elizan ehortzita daude X, XI eta XII. mendeetako Errioxa eta Nafarroako errege-dinastiak. Baina hilobiak ez dira nobleak hil zireneko garaikoak, 1556an hilobiak landu, sailkatu eta atondu egin ziren hemen bertan. Ondokoak dira ezagutzen diren jauntxoen hilobiak:

1.- Antso II. Gartzes Abarka (? - 994).

2.- Urraka Fernandez, Antso Abarkaren hirugarren emaztea.

3.- Gartzia III. Santxez Naiarakoa, euskal mintzairako eta Nafarroako erregetza titulua jarauntsi zituen bere aita Antso III.a Nagusiaren eskutik.

4.- Aurrekoaren emaztea: Estefania Berenger Foixkoa.

5.- Antso IV. Peņalengoa. Bere anai-arrba Ramon eta Ermesindak eraila.

6.- Aurrekoaren emaztea: Normandiako Plentzia (Blanka edo Klara ere deitua).

7.- Maior andrea, Gartzia III.aren alaba.

8.- Jimena, Gartzia III.aren alaba.

9.- Fernando, Gartzia III. semea.

10.- Jimeno (?).

11.- Ramon. Gartzia III.aren semea. Antso IV. anaiaren hilketa prestatu zuen.

12.- Ermesinda. Gartzia III.aren alaba. Ramonekin batera Antso IV. anaiaren hilketan parte hartu zuen. Fortun Santxezekin ezkondu zen.

13.- Urraka. Gartzia III.aren alaba. Naiarako konde eta Kalagorriko jaun Gartzia Ordoņozekin ezkondu zen. Logroņo populatzea bultzatu zuten.

14.- Mayor Ordoņez andrea, Urraka eta Gartzia Ordoņezen alaba.

15.- Gonzalo (?).

16.- Raimundo (?).

17.- Ramiro. Gartzia III.aren semea. Antso IV.a hil zutenean berari zegokion errege izendapena, bera baitzen bigarren semea; baina, ez zuen bere aldekorik izan. Halaber, Antso IV.aren semeek, Antso eta Gartzia infanteek, ez zuten tronua jaraunsteko aukerarik izan, oso ume baitziren.

18.- Ramon Santxez (?).

19.- Antxo Santxez (?).

20.- Angela Muņoz, Gartzia III. biloba.

21.- Alonso Ramirez. (?)  

22.- Antsa Zuņiga, aurrekoaren emaztea.

23.- Antso VI. Ramirez Jakituna.

24.- Antso VI.aren emaztea, Gaztelako Alfontso VII.aren alaba Santxa zena.

25.- Blanka Nafarroakoa.

26.- Santxa Gartzes. Gartzia Ramirez IV.aren alaba.

27.- Albaro Gartzia. Gartzia Ramirez IV.ren semea (?),

28.- Teresa Ortiz Abendainokoa. Aurrekoaren emaztea.

29.- Bermudo III. Leongoa.

30.- Lopez Haro eta Albarez, Toda andrea. Haro leinukoa (?), Arabako kondesa izan zen. Naiaran ehortzia izanak Arabako Estibalizko elizaren ondasunaren jabegoa ekarri zion Santa Maria Errege-elizari.

 

14.- Koruko aulkiteria

Elizaren atzekaldetik, eskailera biribil batetik, igotzen da korura. Bertan, aulkiteri ikusgarri bat dago. Gotiko-loratuko artelan bikainenetakoa bat. Aulki guztiak ezberdinak dira, denak irudiz hornituak eta armonia bakar batean. Erlijio-irudi, garai hartako bizimoduaren irudiak eta apaingarri ugari osotasun armonikoa egiten dute. Aulkiek neurri jakina dute, frideek zutik kantatzen ari zirenean ipur-masaila deskansuan izateko neurria alegia. Abadearen aulkiak Gartzia III.a errege fundatzilearen erliabea du, arma-jantziz irudikatua. Beste zenbait aulkitan animaliak, aurpegiak edo mamuen irudiak daude.

1493 eta 1495 artean eriki zen, seguruenik Andres Amutio eta bere anaia Nikolasen zuzendaritzapean. Akaso artista judutarek lagunduta eta herritar askok ere parte hartuta. Eraikuntza Uruņuelako Pablo Martinez Abadeak ordaindu zuen, bere aulkia behe-ezkerraldean dago eta obraren zuzendariarena ondoan dago.

Balore handia duelako arpilatua izan da mendeetan: irudi asko falta dira, gailurrak hautsiak daude eta estatua askori burua falta zaie. Monasterioa Gaurdia Zibilek koartela bihurtu izana eta nazionalen eta atzerritarren lapurretek hondatu izan dute obralan izugarri hau.

 

15.- Erregeen atea

Kalostra itxiaren ekialdeko korridorean dago Erregeen atea. Gotiko-Plateresko estiloan egina anitz apaingarri ditu. Bertan Nafarroako, Foixko eta Gaztelako erreinuen armarriak ikus daitezke.

 

16.- Ilargiaren atea

Kalostraren sarrera bakarra da. Arku ederrez inguratutako barrutia ikusgarria da hemendik. Uda partean argi eta soinu ikuskizuna egiten dute Naiarako hainbat herritar eta aktore profesional batzuek. "Evocaciones Najerenses" izeneko ikuskizunak monasterioan eta herrian bertan gertatutako pasarteak antzezten dituzte.