<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Kixmi
Euskal mitologian jentilek Kristori emandako izena; jentilen hizkuntzan "tximinoa" esan nahi du. Kristautasuna sartzeak jentilen mitoak amaitzea ekarri zuen; gertaera horren inguruko alegietan azaltzen da Kixmi.
Kixmiren inguruko mitoak ugariak dira. Ataungo Leizadi mendi-magalean gertatutakoa da ezagunetako bat: dantzan zebiltzan jentilak izar argitsu bat gerturatzen ikusi zuten zeruan. Izugarri ikaratuta jentil zaharrarengana jo zuten, azalpen eske. Honek: "Anai-arrebak, Kixmi heldu da, eta berarekin jentil aroaren azken arnasa, Bota nazazue leize-zulo horretara eta egizue berdin zuek ere. Azkenak itxi dezala harpea haitz batekin eta joan dadila menditik behera Kixmiren jaiotzaren berri ematera". Hala egin omen zuten denek eta hargatik deitzen diote Ataungo Balankalekuko trikuharriari jentil hilobia eta jentil harria.
Kristautasunaren garaipena eta sinesteen ordezkatzea horrela kontatua da egun ere. Olentzero ei da beste jentil guztiak lurperatu eta Kristoren jaiotzaren berri emateko agindua bete zuen azken jentila. Beste alegi batzuen esanetan, ordea, izan zen beste jentil bat bizirik geratu zena: Basajaun.
Iturria: Harluxet/ Berria