<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

joaldun

Inauterietako pertsonaia. Joaldunak Ituren, Zubieta, eta Nafarroako iparraldeko zenbait herritako inauterietako pertsonaiak dira. Izena gerrian lotuta daramatzaten joare edo zintzarrietatik datorkie. Ohitura zaharrak dioenez, Errege-bezperan herriko haurrak, zintzarri eta txilinak zintzilik zituztela, etxerik etxe eskean joaten ziren opari edo jaki gozoren bat jasotzeko asmoz. Gazteak, berriz, gauez irteten ziren artzainen eta inauterietako hainbat elementuz osaturiko janzkera bereziarekin: alkandora eta galtzen gainean gonazpikoa eta ardi-larruak, zapi bat lepoan loturik, sorbaldan bi zintzarri txiki eta gerrian beste bi handiagoak, buruan kolorezko zintekin eta lumekin apainduriko ttuntturroa eta eskuineko eskuan muturrean zaldi-isatsa zuen makila.

Jatorriz, soroetatik espiritu txarrak eta izurriteak uxatzeko erritoa zen. Gaur egun bizirik dirau eta inauterien hasiera adierazten dute. Joaldunek binaka errenkadan jarrita zanpantzar ere deitzen zaion dantzari-taldea osatzen dute. Astelehen-inautean Zubietatik Iturenera joaten dira. Zubietako plazan bertako joaldunekin batera dantza egiten dute, txistulariak doinua jotzen duelarik. Astearte-inautean, berriz, Iturendik Zubietara joaten dira.

Iturria: Harluxet