<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
inauteri
Festa- eta jolas-egunak, erromatarren garaitik datozenak, eta batez ere tradizio katolikoko lurraldeetan, garizuman sartu aurretik egiten direnak (leku batzuetan lehenago ospatzen dituzte). Egun horietako ospakizunak. Sorrera antzina-antzinakoa duen arren, kristautasuna zabaldu aurrekoa, inauteriak bizirik dirau egungo mundu modernoan.
Erroma klasikoan udaberri-hasierarekin batera Saturnalia izeneko jaiak ospatzen zituzten. Urte-sasoi berean hainbat kulturatan jai, errito eta zeremonia franko egiten zen neguaren ondotik udaberria zetorrela ospatzeko. Kristautasuna nagusitu zenean Elizak garizuma ezarri zuen -penitentzian berrogei egunean haragia jatea eta festak ospatzea debeku zen- eta, erantzun gisa, herria aipatu berrogeialdia hasi aurreko egunetan, gero bazter utzi beharko zituen atsegin eta plazerez gozatzera eman zen. Honela, egunotan usadio paganoa eta egutegi kristaua bat etorri ziren, eta inauteria udaberriko erritoen ospakizunaren jarraipena izan zen.
Erdi Aroan Erromako inauteriak izen handia izan zuen eta, gerora, Italia (Florentzia, Venezia), Frantzia, Alemania eta Espainiara zabaldu zen ohitura. Erreforma iritsi zenean, ordea, protestantismoa nagusitu zen lurraldeetan utzi egin zioten ospakizun publikoak egiteari; lurralde katolikoetan bete-betean jarraitu zuen.
Gaur egun Euskal Herrian, oro har, aspaldiko elementu sinbolikoak gorde dituzten inauteri folklorikoak -Zuberoako maskaradak eta Lantzeko inauteria adibidez- eta hiriko inauteri modernoak -Tolosakoak kasu- ospatzen dira. Ezagunak dira hainbat herritan antolatzen diren ospakizun bereziak eta bertan parte hartzen duten pertsonaiak: Lapurdiko kaskarot-martxa, Lantzeko Miel Otxin, Ituren eta Zubietako joaldunak, Zalduendoko Markitos, etab.
Iturria: Harluxet eta beste