agot
Euskal Herriko zenbait tokitan eta bereziki Nafarroa Garaiko iparraldean bizi zen jatorri ezezaguneko giza talde bateko kidea.XVI. eta XVII. mendeetan irain gisa erabiltzen zen hitz hau. Agoten jatorriari buruz badira hainbat teoria. Batzuek, herese ariotarren oinordekoak direla esaten dute. Beste batzuek, legenarraz kutsatuta itzulitako gurutzatuak direla diote. Okzitaniako Tolosatik etorritako albitarrak izan ote daitezkeen ere aipatu izan da bestetik.
Dena den, euskal etniakoak ez direla garbi dago. Nafarroako foruetan XIII. mendean aipatzen dira lehen aldiz eta legenarduntzat jotzen dira. Aparteko tokietan bizi behar zuten; eliza eta toki publikoetan aparte egoten ziren eta elkarren artean baino ezin ziren ezkondu. Ogibide jakinekoak izan behar zuten, eta oro har artisauak izaten ziren. 1817-18an Nafarroako Gorteek agotak beste hiritarren maila sozial berean jarri zituzten eta agot hitza pertsona horiei aplikatzea debekatu zuten. Agot talde handi bat Baztanen, Arizkungo Bozate auzoan bildu zen.
Iturria: Harluxet