Ursua, Pedro

Pedro Ursua militar, esploratzaile eta konkistatzaile nafarra izan zen. (Arizkun, Baztan, 1525 - Amazonas ibaia, 1561). Sevillan ontziratu eta Perura joan zen (1543). Migel Diez de Armendariz, Ursuaren ahaidea, zenbait lurraldetako epaile boteredun izendatu zuten (1544) eta honek Ursua bere laguntzaile egin zuen (1545). Kolonbiara eginiko espedizioko buru izendatu zuen eta Granada Berriko lurraldeko agintaritza eman zion; han Pamplona eta Tudela hiriak sortu zituen (1549). 1558an, El Dorado konkistatzeko espedizioari ekiteko baimena eman zion Peruko erregeordeak; Andeetatik Ozeano Atlantikora bitartean konkista zitzakeen lur guztietako gobernadore eta agintari nagusi izendatu zuten. Indiarrak erasoka eta klima ere etsai, espedizioak porrot egin zuen. Gosea nagusitu zenean altxamendua izan zen ontzian, Lope Agirre buru zela; honen aginduz Ursua hil egin zuten.

Iturria: Harluxet