Ugalde Orradre, Martin
Martin Ugalde Andoainen jaio zen 1921eko azaroaren 11n. Euskal idazle, kazetari eta euskaltzale gipuzkoarra. Espainiako Gerra Zibila zela eta, Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen. 1940an Alemaniak Frantzia inbaditu zuelarik, Andoainera itzuli zen. 1947an Venezuelara joan zen. Caracasen EAJko erbesteko batzordeko lehendakari, "Eusko Gaztedi" eta "Euzkadi" aldizkarietako zuzendaria eta, 1954tik aurrera, petrolio-konpainia bateko aldizkariko zuzendaria izan zen; 1969an Euskal Herrira itzuli zen. EAJren Alderdi aldizkari klandestinoaren zuzendari eta erbesteko Euzko Jaurlaritzako kontseilari hautatu zuten (1971). Espainiako poliziak deportatu egin zuen eta Donibane-Lohizunen finkatu zen (1973 - 1976).
Hego Euskal Herrira itzulita, Deia egunkariko euskarazko taldearen erredakzioburu (1978) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Euskararen Sustapenerako zuzendari jardun zuen (1982 - 1985). "Euskaldunon Egunkaria"ko sortzaileetakoa eta administrazio-kontseiluko lehendakari 1990az geroztik. Kazetari-lanez gain liburuak ere idatzi ditu euskaraz zein gaztelaniaz; ipuinak idazten hasi zen (Un real de sueño sobre un andamio, 1955; Iltzailleak, 1961); baina gerora, nobelak (Las brujas de Sorjín, 1975; Pedrotxo, 1993), saiakerak (Unamuno y el vascuence, 1966), antzerkiak (Ama gaxo dago, 1964) eta bestelako obrak ere egin ditu (Historia de Euskadi, 1981; Lezo Urreiztieta biografia, 1989; Hablando con Chillida, euscultor vasco, 1973). 1993az geroztik euskaltzain ohorezkoa da. Komunitate Autonomoko Euskal Herriko Unibertsitateak "honoris causa doktore izendatu zuen.
I: Harluxet eta beste.