Santa Kruz apaiza (Manuel Santa Cruz Loidi)
Santa Kruz apaiza bere gerrillari talde batekin Argazkia: Elhuyar |
Manuel Santa Kruz, erlijioso eta militar gipuzkoarra Elduainen jaio zen, 1842an eta Pasto-n, Kolonbia, hil 1926an. Santa Kruz apaiza izenez ezagunagoa da. Etxe xume batean sortu zen eta umezurtz geratu zen haurretan. Gasteizko apaizgaitegian ikasi eta apaiztu egin zen. Hernialdeko erretore izan zen eta Don Karlos erregegaiaren aldeko izanik, Frantziara ihes egin behar izan zuen (1866). Bigarren Gerra Karlista piztu zenean itzuli, tropa karlista baten buru jarri eta Zornotzako Akordioa ez onartzearen ondorioz borrokan jarraitu zuen, atxilotu egin zuten arte. 1872ko abuztuan Arrasaten hartu zuten preso eta Aramaiora eraman zuten kartzelara. |
Ihes egin eta Frantziara joan zen, baina berehala itzuli zen: 1872ko abenduan hain zuzen ere. Karlisten buru jarri zen, baina bai liberalen kontra bai karlisten kontra ere gogorkeri handiz jokatzen zuela-eta karlistek gerra-kontseilua egin eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Indultua lortu zuen, baina bere kargu guztiak galdu egin zituen. Liberalak eta karlistak atzetik zituen etenik gabe eta Frantziara ihes egin behar izan zuen (1874). Frantzian gerrillari-talde armatu bat osatu eta itzuli egin zen. Aritxulegin finkatu zen eta liberal zein karlistei aurre egin zien.
Gerraostean Frantziara, Ingalaterrara (1876) eta handik Ameriketara joan zen. Aita Santuaren barkamena lortu, Jesusen Lagundian sartu eta misiolari ibili zen Jamaikan. 1891n, Kolonbiara joan eta bertan hil zen laurogeita lau urte zituenean. Haren bizitzan oinarrituta, liburu asko egin dira, Nikolas Ormaetxea "Orixe"k, adibidez, Santa Kruz apaiza (1929) eta 1992an santagraztarrek Junes Casenaveren "Santa Kruz güdülari" pastorala antzeztu zuten Zuberoan.
Loturak: Jose Maria Loma;
Iturria: Elhuyar/ Lur