Olabe Diez, Serafin
Serafin Olabe Diez Sevillan jaio zen 1831an eta Kalagorrin hil 1884an.
Filipinetako armadan (1858) eta Kotxintxinako espedizioan parte hartu zuen (1859 - 1862). Kubako gerran koronel izendatu zuten; zauritu egin zuten eta Espainiara itzuli zen (1869). Politikan sartu zenean alderdi erradikaleko kide egin eta Nafarroako diputatu hautatu zuten (1872). Errepublikar bihurtu eta Espainiako Lehen Errepublikaren aldarrikapenean partaide izan zen (1873). Bigarren Gerra Karlistan parte hartu zuen Madrilgo gobernuaren alde; Lizarra hartu zuen (1876). Asociación Eúskara de Navarra-ko ohorezko kide (1878) eta Nafarroako Alderdi Federaleko militante izan zen. Nafarroako Konstituzioaren oinarrien idazketa hasi zuen (1882); Jaungoikoaren eta erlijioaren aipamenak nonahi azaltzen zirela-eta Pi i Margall-ekin gorabeherak izan zituen eta alderdia utzi egin zuen (1883). Aldizkarietako kolaboratzaile izan zen; armada eta politikarekin lotutako liburuak idatzi zituen "la cuestión de Cochichina", 1862; "Bases para la reorganización del ejército español y Amparo", 1870; "Horrores y vergüenzas de la intolerancia religiosa", 1877; "El pacto político como fundamento histórico general", 1877.
Iturria: Elhuyar.