Muza II.a (Muza Ibn Muza Ibn Fortun)
Muza ibn Muza, 841etik aurrera Tuterako Banu kasitarren buru izan zen. Gutxi gorabehera 788an jaio zen eta 862an hil zen Tuteran. Banukasitarren Muza Ibn Fortun Ibn Kasi eta Eneko Aritzaren amaren semea, Iruņeko lehen erregearen anaiordea, beraz. Eneko Aritzaren alaba Asonarekin ezkondu zen eta haien semea izan zen Mutarrif Ibn Muza.
824an frankoen aurka lagundu zion Eneko Aritza anaiordeari Orreagan. Baskoien ejertzitoen laguntza eskatu eta inguruko beste herriak bere alde izan ziren. 842. urtetik aurrera arazo handiak izan zituen Zaragoza eta Tuterako gobernari musulmanekin, baina haien aurkako borroketan nagusitu egin zen San Adrianen. Abd ar-Raman II.ak agindutako zigorralditik doi-doi atera zen; bizia barkatu eta Al Andalus-eko itsasertzean azaldutako normandiarren aurka borrokatzera eraman zuten. Barkamen ekitaldi horretan (843) Iruņeko erresuma aitortu egiten da espresuki. Handik aurrera, Muza II.a eta baskoien arteko harremana estutu zen, eta zenbaitetan, musulmanek baskoien alde jarri ziren errege frankoei kontra egiteko.
Abd ar-Raman emirra hil baino lehen ere (852), Muza bere kabuz aritu zen. Arabako euskaldunak menperatu zituen Albeldako lehen borrokan (851), eta emirra hil zenean Zaragozako eta Tuterako gobernadore nagusi bihurtu zen (852). Muza II.ak Pirineoak zeharkatu zituen iparralderantz eta Galia erdialdea suntsitu zuen (853). Gaskoien esku zegoen Baskoniako dukerria eta, Sancho eta Espelon dukeak preso hartu zituen. Karlos Burusoilak porrotaren ondoren bakea sinatu behar izan zuen musulmanekin. Bien bitartean Toledon, Muhamad-ek eraso egin zion Lopia (Lupo) Muzaren semeari. Dagoeneko Muza II.ak Aragoi kasik osoan eta Errioxan gobernatzen zuen; gainera, Nafarroan eta Bizkaian aldeko ugari zituen, semea laguntzera joan eta Almondhirrak garaitu zituzten.
Toledoz jabetu zen ondoren eta Kataluniako frankoak menperatu zituen 856an. Ospe handia hartu zuen Muzak urte haietan eta errege ohoreak egiten zizkioten toki guztietan. Muza II.a Errioxan barrena abiatu zen, bere lurraldea zabaldu nahian, baina 859an Asturias-ko Ordoņo I.a erregearekin topo egin eta Errioxako Albeldako bigarren batailan porrot ikaragarria jasan zuen. Albeldako "Clavijo" eta Laturtze mendian irabazita asturiarrek herria eta gaztelua suntsitu zituzten. Espainiar zaleek izugarrizko alegia asmatu zuten bataila horren inguruan: Santiago apostoluak ere Hispaniako kristauen alde egin omen zuen borrokan mairuen buruak zapaltzen zituen bere zaldi zuriarekin; eta ordukoak dira ere Muza mairuaren irudi izugarria eta hari buruzko ele zaharrak.
Muza II.a Zaragozara itzuli eta urte batzuk independentea mantendu bazen ere, Almondhir-ek Zaragoza setiatu eta errenditu behar izan zuen. Kordobako emirra euskaldunen aurkako borrokei eutsi zion eta Muzari Zaragozako gobernua kendu zion. Bien bitartean Muzaren semea Lopia Ibn Muza Ordoņoren laguna egin zen, Muhadmad I.ak Toledo setiatu eta Asturiasera ihes egin zuen. Muza 862an hil zen, Guadalajara aldean suhi baten aurkako bataila batean zauritu gertatu eta Tutera bidean zihoala.
Loturak: Guadaleceteko bataila;
Iturria: Auņamendi/ Lur/ Enciclopedia, J.Espasa / Enciclopedia de Espaņa SA.