Muņagorri Otegi, Joxe Antonio
Joxe Antonio Muņagorri Berastegin, Gipuzkoa, jaio zen 1794an eta Eratsunen hil zuten 1841ean. Aita eta aitona ere errege eskribauak izan ziren eta Hernaniko Joakina Labaienekin ezkondu zen 1814an.
Berastegiko errege-eskribau izan zen, baina inguruko burdinolak ustiatu ahal izateko eskribautza utzi egin zuen. Plazaola, Ameraun,, Ollokiegi, Urto eta Zamarrestako olak ustiatu zituen. Urte batzuk geroago, ordea, herri lanetan jardun zuen obra-kontratatzaile. Lehen Gerra Karlista hasi zenean bertan behera utzi behar izan zituen lan horiek guztiak eta, gerrak zekarren hondamendi handiaz arduratuta, politika kanpaina bati hasiera eman zion. Liberalen eta Karlisten arteko bakearen alde saiatu zen; porrot egin eta "Bakea eta Foruak" lema zuen "proklamia" aldarrikatu zuen Berastegin (1838).
Bai karlistak bai liberalak bost urteko gerrarekin asper-asper eginda zeudela aprobetxatuz eta Foruak errespetatzearen truke, karlistek gerrari amaiera ematea proposatu zuen, eta horretarako, karlisten eta liberalen bandoetan akordiok lortzen saiatu zen. Gainera, Don Karlosi alde egin zezan eskatu zion eta nafar eta gipuzkoarrei anaitasun-izpirituaren izenean bakean bizi zitezen eskatu zien. Karlos erregegaiaren aldeko kausa eta foruen aldarrikapena bereiztea nahi izan zuen.
Foru-Aldundiak "Bakea eta Foruak" lema bere egin zuen, baina Foruen berrezarpena guztiz murriztua gelditu zen. Ondoren, Bergarako Hitzarmena burutu zen (1839 - VIII - 31). Euskal Herria lur jota, suntsituta eta miseria gorrian zegoen, baina, Muņagorriren bake-nahiaren azpian interes pertsonala zegoen: karlista gerran eten egin baitziren Irurtzun eta Gasteiz arteko errege-bideko lanak, eta bera, kontratista nagusietakoa baitzen. Gazte garaiko bere lagun Ramon Elorrio karlistak, "txapelgorri" omen zen, Eratsungo Pilotasoro deitu lekuan hil egin zuen emaztearen aurrean, 1841eko urriaren 14an. Muņagorri bere nahia bete gabe hil zen, ez baitzen ez bakerik ez forurik lortu; gainera, hogeita hamahiru urte geroago Bigarren Gerra Karlista (1872 - 1876) piztu zen.
MUŅAGORRIREN BERTSOAK
Muņagorrik diona bele proklamian, Gerrak hondatzen gaitu bosgarren urtean; Iaz jarririkan Carlos Madrilgo bidian, Bultza zuten atzera, gerra bere oinean.
Agintari onenak preso daduzkate; Euskalduna izatea du bakoitzak kalte. Tejeiro ta Maroto guzien alkate: Zer gizon horietatik espera gen(e)(t)zake.
Carlos agertu ezkero probintzi hauetan Beti bizi gerade neke (e)ta penetan. Nahiz kendu guk duguna behin ere ezer eman Bost negar egiteko nonbait jaio ginen.
Semeak soldatu (e)ta preso gurasoak, Ezin pagaturikan kontribuzioak. Trintxera lanetara gainera auzoak Dolorezkoak dira gaur gure pausuak.
Kordoiz inguraturik kostatik Ebrora, Trabaz gaude josirik be(he)ra eta gora. Atzenikan frantsesak itxi du frontera. Gerrak ez dakar onik inondik inora.
Atea itxi (e)ta ogia garesti; Artoa ere ari da igotzen poliki; Dirua ezkutatzen da egunero hemendik. Nola bizi garen bada, harri(tu)tzen naiz ni. |
Informazioa: Elhuyar/ Lur