Luis XVIII.a
Luis XVIII.a Versailesen jaio zen 1755ean eta Parisen hil 1824an. Frantziako erregea (1814-15; eta 1815 - 1824), Luis XV.aren biloba, Luis Dofinaren eta Maria Josefa Saxoniakoaren semea.
Proventzako konde zelarik, Iraultza Frantsesa zela-eta atzerriratu egin behar izan zuen (1791). Inperioaren gainbeheraren ondoren, Parisera itzuli zen eta 1814an tronua eskuratu zuen. Berrezarkuntza jarri zuen bolada batean, baina, Napoleon Parisera itzuli eta Ehun Egunetan Ganten gorde zen; 1815ean berriro finkatu zen Parisen, bigarrenez ezarri zuen Berrezarkuntza. Bere politika Iraultza eta Inperioaren jaraunspenaren eta Erregimen Zaharraren artean egon zen. Izualdi Zuriaren ondoren, Ganbara desegin behar izan zuen (1816). Iraultzaren arrasto guztiak ezabatu nahi zituzten ultrek 1820ko hauteskundeetan lortutako arrakastak eta erregeari neurri atzerakoiak ezarri zizkioten. Espainiako gerran (1823) parte hartzea izan zen Luis XVIII.aren agintaldiko azken gertaera garrantzitsua, Moncey buruzagia Kataluiniatik sartu eta Frantziak Borboiko etxearen erregimena salbatzeko ahaleginak egin zituen.
Loturak: Ney, Michel; Soult Dalmaziako dukea;
Iturria: Elhuyar.