Lenin (Vladimir Ilitx Ulianov)
Politikari eta filosofo errusiarra (Simbirks, g.e. Ulianovsk, 1870 - Gorki, 1924), munduko lehen iraultza sozialistako buruzagia. Zirkulu marxista batean sartzen da (1888) eta Siberiara deportatzen duten arte (1897-1900), populistak kritikatuko ditu. Suitzan, Iskra, egunkari marxista sortu zuen Plejanov-ekin batera, eta "Zer egin?" (1902) obra argitaratu zuen, alderdi iraultzaile marxistak izan beharko lituzkeen funtzioak definitu eta legepeko marxisten errebisionismoa gaitzetsiz. Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren II. Kongresuan (1903), mentxebikeen aurkako fakzio boltxebikea osatu zuten Leninen aldekoek.
Errusiarrek 1905ean saiatu zuten iraultzaren porrotaren ondoren, teorikoen idealismoa kritikatu zuen ostera (Materialismoa eta enpirokritizismoa, 1909). Nazionalitateen arazoak (Nazioen autodeterminaziorako eskubidea, 1915), eta kapitalismoaren fase monopolistak ekarriko zuen estatuen arteko desberdintasuna aztertu zituen (Inperialismoa, kapitalismoaren maila gorena, 1916). Iraultza lehertu zelarik (1917), Leninek urriko altxamendua gidatu zuen. Estatuaren teoria marxista eta proletarioen diktaduraren teoria garatu zituen, eta praktikara eraman. Orduan eman zuen agindu historiko hura, "Botere osoa sobietei!". Herriaren komisarioen Kontseiluko lehendakaria zelarik (1917-24), Alemaniarekin Brest-Litovsk-eko bakea sinatu zuen, eta Internazional Komunista sortu zuen (1919). Ezkerkeria borrokatu zuen garrazki (Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna, 1920), eta baita burokrazia ere. Bere pentsamendu politikoak marxismo-leninismoa osatu du.
Iturria: Harluxet