Leizarraga, Joanes
Joanes Leizarraga Beskoitzen jaio zen 1506an eta Bastidan hil 1601ean. Apaiz katolikoa zen, baina Joana III.a Albretekoa Nafarroako erregina protestante bihurtu zenean higanot edo kalbindar bihurtu zen beste kristau asko bezala (1559). Paueko Kontzilio kalbindarrean, Joana erreginak Itun Berriaren itzulpena euskarara egitea eskatu zion Leizarragari, horrela, dotrina zabaldu ahal izateko (1564). Biarnoko sinodoak lau laguntzaile izendatu zizkion lan horretarako. Horri esker, "Jesus Chist Gure launaren Testamendu Berria" argitaratu zuen (1571). Liburua Vulgatatik itzulia baldin bada ere, baditu itzulpena ez diren beste atal batzuk; Nafarroako erreginari zuzendutako gomendio-gutuna, non Euskal Herria izenari lurraldea zehazten zaion; euskara eta euskalkiekin izan zituen arazoak azaltzen dituen "Heuscalduney" deritzan atala eta hiztegitxo bat amaieran. Halaber, "Kalendrera" eta "Abc" edo "Christinoen instructionea" itzulpen erlijiosoak ere prestatu zituen.
Leizarraga da lehen euskal prosalaria eta hortaz arazo larriak izan zituen ortografia eta hizkerari dagokionean, ez baitzegoen garai hartan euskal-prosa maisurik, ez eredurik edo tradiziorik ezagutzen. Bere hizkerari dagokionez, joera latinzalea eta arkaismoa dira ezaugarri nagusiak. Leizarragak oso hizkera zehatza, teknikoa, eskatzen duen itzulpena egin behar izan zuen. Lapurtera hartu zuen oinarri nagusitzat, nahiz eta bera, eta erregina ere, Nafarroa beherekoa izan. Ziur kontuan hartu zuela garai hartan Lapurdin zegoela gizarterik aurreratuena, eta segur, liburuak irakurtzeko gaitasun eta zaletasun handiena ere. Ez da ahaztu behar liburu horren bidez ahalik eta jende gehiena erakarri nahi izan zutela beren erlijio berrira.
Iturria: Elhuyar/ Euskararen sendabelarrak, Koldo Zuazo