Lancre, Pierre
Pierre De Lancre magistratu frantziarra Bordelen jaio zen 1553an eta Parisen hil 1631n. Lehen ikasketak Josuren Lagundian egin zituen; zuzenbide-ikasketak Turinen egin eta Bordelera itzuli zenean epaile izan zen. Parlamentuko kontseilari izateko hautatu zuten 1582an. Erlijioak eragin handia zuen beregan eta kode penalaren oinarritzat ere erlijioa hartzen zuen. 1607an, eliza katolikoaren irizpideak modu estuenean hartzen zuen filosofi tratatu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance et l´instabilité de toutes choses (gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua).
1609an, Enrike IV.ak Lapurdira bidali zuen bertako sorginen kontuak ikertzera. Ahalmen guztiak bere eginda hirurogei lagun sorginkeriaz akusatu eta hilarazi zituen. Nafarroako Luis II.aren garaia zen eta Inkisizioak Euskal Herrian egin duen triskantzarik handienetakoa burutu zuen. Ondoren liburu bat argitaratu zuen: Tableau de I´inconstance de mauvais anges et démons, 1612an (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancre-k ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera; Bertako erakunde, hizkuntza, ohiturak, lan-molde eta abarretan deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten."Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra" idatzi zuen.
Senpereko gazteluan burututako epaiketetan, gogorkeria eta injustizia handiz jokatu zuen; halere, Enrike IV.ak estatu-kontseilari izendatuz saritu zuen. Bordeleko parlamentuan jarraitu zuen 1620. urte arte eta bi liburu idatzi zituen: 1617an, Le Livre des Princes (Printzeen liburua) eta 1622an, L´incrédulité et mescreance du sortilège pleinement convaincue (Sortilegioaren eskuetan dagoenaren sinestezina eta fedegabea).
Iturria: Elhuyar/ Lur