Karlos Luis, Don edo Karlos Borboikoa, Montemolingo kondea
Karlos Luis Borboi-Bragantzakoa, Montemolín-go kondea. Madrilen jaio zen 1818an eta Triesten hil 1861an. Karlos Maria Isidro Borboikoaren semea. Bere aitak Espainiako koroa lortzeko zituen eskubideak jarauntsi zituen eta Karlos VI.a izena hartu zuen.
Lehen Gerra Karlistan bere aitarekin ibili zen. Isabel II.arekin ezkontzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Orduan, Bigarren Gerra Karlista bultzatu zuen (1846 - 1848). Karlistek hainbat altxamendu-saio egin zuten Katalunian (1846 - 49), baina ezer lortu gabe. 1860an, luze konspiratzen ibili ondoren, altxamendu bat antolatu eta, armada txiki batekin, Sant Carles de la Rápitan (Tarragonan) lurreratu zen, baina altxamendua porrot itzela izan zen; bera eta bere anaia preso hartu zituzten eta askatasuna lortzeko beren eskubideei uko egin behar izan zieten. Dena den, Espainiatik irten eta berehala, eskubide-ukatzean atzera egin zuen. Handik gutxira hil zen, emazte Maria Karolinarekin eta anaia Fernandorekin bateratsu. Hasieran pozoiturik hil zirela uste izan bazen ere, badirudi tifusak jota hil zirela.
Loturak: Perula, Jose;
Iturria: Harluxet