Iturriaga Agirre, Jose
Jose Iturriaga Azpeitian jaio zen 1699an eta Margarita uhartean hil zen 1767an. Gipuzkoan kargu garrantzitsuak izan ondoren Venezuelara bidali zuten Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarreko lehen zuzendari gisa. Ingalaterraren kontrako gerran, Venezuela eta Kubara laguntza militarra bidaltzeaz arduratu zen (1740). Gerra ostean Espainiak eta Portugalek Ameriketan zituzten kolonietako mugak aztertu zituen batzordeko kidea izan zen (1753). Orinoko ibaia arakatu eta lurraldearen mapak egiteko espedizioa antolatu zuen (1754); Orinoko eta Río Negro inguruan hainbat herri sortu eta ikerketa eta azterketa biologiko, geografiko eta topografikoak egin zituen. Quitoko lehendakaritzari uko egin eta Orinokoko komandante nagusi egin zuten (1762).
Iturria: Harluxet