Felipe II.a Luzea
Felipe II.a Luzea 1292an jaio zen ez dakigu non eta Longchamp-en hil zen 1322an. Nafarroako XXIII. erregea (1316 - 1322) eta Frantziako erregea FelipeV.a izena hartuta (1316 - 1322), Nafarroako Felipe I.a Ederra eta Joana I.aren semea.
Bere anaia Nafarroako Luis I.a Setatia hil zenean (1316) eta haren emazte Klementzia haurdun zegoela, jaiotzear zegoen Joan I.aren erregeorde egin zuten; baina Joan I.a erregea jaio eta berehala hil zen; orduan, Felipe II.a Luzea erregetu zen (1316). Horrek Estatu Orokorrak bildu eta Nafarroako Joana II.ak Frantziako, Nafarroako eta Champagneko erresumei uko egitea lortu zuen; hartara, emakumeak Frantziako tronutik baztertzea lortu zuen. Flandesko gerrari amaiera eman zion (1320), parlamentua eta administrazioa berrantolatu zituen. Estatu Orokorrei hasiera eman zien, bere erabakiak eliza-ordezkariei eta delegatuei kontsultatzeko ohitura hartu baitzuen.
Juduak eta legenarrak jotako pertsonak bota egin zituen, ur putzuak pozoitzen zituztelakoan, eta haien ondasunak beretzat hartu zituen. Hegoaldeko heretikoen kontra Inkisizioa bultzatu zuen. Joana Borgoniakoarekin ezkondu zen (1307); lau alaba eta bi seme izan zituzten: Joana, Margarita, Isabel eta Blanka; Felipe (1318an hil zen) eta Luis (1316). Bere bi semeak hil eta emakumezkoek oinordeko ezin izan zitezkeenez, Karlos I burusoilak hartu zuen koroa.
Iturria: Elhuyar