Descartes, René

Rene Descartes La Haye-n, Touraine, jaio zen 1596an eta Stockholm-en hil 1650ean. Filosofo, matematikari eta fisikaria. Gaztetan Europan zehar ibili zen, munduaren liburua ikasten, berak zioenez. Filosofia modernoaren sortzailea da "Metodoaren diskurtsoa", 1637; "Gogoeta metafisikoak", 1641; "Filosofiaren hastapenak", 1644. Adimenaren oinarrizko bi eragiketa bereizi zituen: intuizioa, edo arrazoiak objektua zalantzarik gabe hautematea, eta dedukzioa, edo ezagutza ziurtasunez emandakotik ondorioztatzea. 

Bere ustez, ez da ezer egiazkotzat hartu behar, argi eta garbi ez bada. Zalantza metodikoa oinarrian ipiniz, iritzi guztiak analizatu nahi izan zituen; Descartes-en zalantza ez zen ordea eszeptizismo hutsa, metodo-prozedura teorikoa baizik. Ezagutza ziurraren oinarrian norbere buruaren kontzientzia da, nia-ren existentziaren kontzientzia subjektiboa, "Cogito ergo sum" esaeran adierazia. Hori bezala "argia eta garbia" den ideia egiazkoa da. Mundua, bestalde, bi substantzia bateraezinetan banatzen da funtsean: espiritua (edo arrazoia) eta materia. Zientzialari bikaina ere izan zen, eta matematika, fisika eta biologiaren eremuetan ikertu eta idatzi zuen "Mundua", 1633; "Dioptrika", 1637; "Geometria", 1637; "Meteorologia", 1637). Matematika-sailean oso garrantzizkoa da notazio-sistema sinpletu zuelako baina, batez ere, geometria analitikoaren sortzailea izateagatik. Ez zion, hala ere, sail honi gaur ematen zaion garrantzirik aitortu. Fisikan errefrakzioaren legea aurkitu zuen.

Iturria: Harluxet