Oier (Auger) III.a
Auger III.a (Oier III.a) 1237. urte inguruan jaio eta 1318an hil zen. Zuberoako azken bizkondea izan zen (1257 - 1307). Raimundo Gilermo V.aren semea.
Bere aita ingelesen kontrako borrokan hil ondoren (1257), haiekin bakea sinatu behar izan zuen. Halere, ingelesak Zuberoatik bidaltzeko Biarnoko bizkondearekin elkartu zen, baina Biarnoko bizkondeak porrot egin zuen eta Auger III.ak bizkonderria galdu egin zuen. Eduardo I.ak eskainitako jaurerriak bereganatu zituen (1261).
Frantzia eta Ingalaterrako erregeen arteko borrokan Frantziakoaren alde jarri zen, ingelesak Zuberoatik bidali eta bere jatorrizko lurrak berreskuratu ahal izan zituen (1294). Frantziako erregearen basailo eta Dax-eko gazteluaren preboste tituluarekin Oierrek Zuberoan sartu zen, baina, Nafarroako eta Frantziako errege Felipe I.a Ederrak bake hitzarmena sinatzera bultzatu zuen (1307) eta haren arabera, lurrak Nafarroaren esku utzi zituen. Nafarroako Luis I.a Setatia erregeak lurrak eman zizkion Nafarroan: Radako jaurgoa, Melida, Berbinzana, Abaiz, Cahues, Azterain, Sabaitza herriak eta Bidaurreko basoa. Horiez gain 6.000 libra eman zion dirutan.
Ondoren, Nafarroako erregeak Ingelesei eman zizkion Zuberoako lurrak, erregearteko itunak zirela eta. Oierrek Zuberoako lurrei uko egin ondoren Nafarroako erregeari men egin eta Nafarroan bizi izan zen. Gaztelan, Nafarroako erregearen alde ibili zen borrokan, baita Zuberoan eta Flandrian ere. Atharratzeko hiri berriaren eta Etxarri Aranatzen sorreran parte hartu zuen.
Iturria: Eluyar; Jean-Louis Davant;