Aranzadi Etxeberria, Engrazio
Engrazio Arantzadi Donostian jaio zen 1873an eta Bilbon hil 1937an. "Kizkitza" izenaz ere ezaguna. Sabino Arana ezagutu eta nazionalismoaren bultzatzaile sutsu bihurtu zen. "Bizkaitarra" aldizkarian argitaratutako "La invasión maketa en Guipúzcoa" artikuluagatik Hendaiara bi urtez ihes egin behar izan zuen. Sabino hil ondoren (1903) alderdiaren eta eliz agintarien artean sortutako eztabaidak zirela-eta Arantzadi eskumikatu egin zuten. "Euzkadi" egunkari abertzaleko zuzendaria izan zen (1927 arte). Mugimendu abertzalea Europako joera politikoetara irekitzen saiatu zen, txekiar, kroaziar, irlandar eta beste hainbat herrirekin harremanetan jarrita. Hainbat liburu idatzi zituen: "La Patria de los vascos", 1910; "La Nación Vasca" 1931; "La casa solar vasca" 1932 eta "Ereintza" 1935.
Iturria: Harluxet