Antso Gartzia
Antso Gartzia kondea ez dakigu non eta noiz jaio zen eta 1017an hil zen. Gaztelako kondea (995 - 1017), Gartzia Fernandez eta Ribagorzako Aba-ren semea.
Bere aita Gartzia Fernandez kondearen kontra oldartu eta Gaztela jarauntsi zuen harengandik. Musulmanen aurka aritu zen urtetan eta Al-Mansurren aurka galdu egin zuen Peņa Cerveran (1000); ondorioz, areagotu egin zen konderriko barne-egoera larria. Al Masur hil zenean (Medinaceli, 1002) Antso Gartziak arabiarrekin paktatu zuen barne arazoak konpondu ahal izateko eta Leongo lurretan sartzeko, Alfontso V.a (1004) adinez txikia zela aitzakia hartuta.
Sulaymen al Mustain berberearri laguntza eskaintzearen truke Iberiar Penintsulako Mendikatea Zentraleko hainbat gotorleku eskuratu zituen (San Esteban, Clunia, Gormaz, Osma, Atienza, Sepulveda...). Araba eta Asturiasko konde izendatu zuen bere burua; hala ere, harreman onak izan zituen garaiko errege eta nobleekin, bere suhi Antso III.a Nagusiarekin besteak beste. Horrekin 1016ko Adiskidetasun Ituna sinatu zuen Nafarroa eta Gaztelako mugak betiko zehazteko.
Antso Gartziak Gaztelako konderria boteretsua bihurtu zuen eta bere konderriaren oinarriak alaben ezkontzei esker ondo finkatu zituen: Munia, Antso III.a Nagusiarekin ezkondu zen (1010); eta Santxa, Berenger Ramon I.a Bartzelonakoarekin (1021). Gazte zelarik hil eta titulua bere seme Gartzia Santxezi utzi zion (1017).
Iturria: Elhuyar