Abelardo, Pedro

Pedro Abelardo Le Pallet-en jaio zen 1079an eta San Martzelo komentuan, Chalon-sur-Saone ondoan, hil 1142an. Filosofo eta teologo frantsesa. Fulberto kalonjearen iloba Eloisarekin ezkutuan ezkondu zen, eta zikiratu egin zuten Fulbertoren aginduz. Orduan, San Dionisio abatetxera bildu zen, eta Eloisak Argenteuilgo komentuan hartu zuen beloa.

Eskolak ematen hasi zen, baina Elizak kondenatu egin zituen haren Hirutasun Santuari buruzko teoria heterodoxoak (1121). Irakaskuntzarekin jarraitu zuen arren, San Bernardok berriz kondenatzea lortu zuen (1140). Ehun eta berrogeita hamazazpi galderei buruzko Elizako Gurasoen pasarte kontrajarriak jaso zituen. Metodo eskolastikoaren sortzailetzat hartzen da. Bere lanik garrantzitsuenak Unibertsalei eta Etikari buruzkoak dira: Dialektika (1121), Etika edo ezagutu zeure burua (1129).

Iturria: Harluxet