Abbadia, Antoine Thompson

Antoine Thompson Abbadia Dublinen, Irlanda, jaio zen 1810ean eta Parisen hil 1897an. Bere aitona Jean-Pierre, abade laiko eta notarioa izan zen Zuberoan. Aita Ürrüstoikon jaio zen eta ama, berriz, irlandarra zen. Abbadia, Virginie de Saint-Bonet andrearekin ezkondu zen 1859.

Sorbonan, fisika eta geografiako ikasketak amaitu ondoren, munduan zehar geografi eta astronomi ikerketak egin zituen: Brasilen (1835); Etiopian, Niloren sorrera ikertzen (1836 - 1848); eta Norvegian (1851), eguzki-eklipse osoa ikusi eta aztertzen. Londresen Louis Luzien Bonaparte ezagutu zuen eta geroztik, Bonaparte euskarari buruzko ikerketak eta lanak egiten hasi zen (1852). 1853an Euskal Herrira itzuli eta, Hendaian, Abbadia gaztelua eraikiarazi zuen; bertan behategi astronomiko bat eratu zuen. Hantxe bizi izan zen, egindako bidaietako materialak aztertu eta argitara ematen. Hamalau hizkuntzaz aritzen zen eta zientzia lanengatik, titulu eta izendapen asko jaso zituen; besteak beste, Parisko Zientzi Akademiako kide (1867) eta erakunde bereko lehendakari (1892) izan zen.

Hego Euskal Herriko karlisten alde aritu zen. Euskaltzalea zen eta "Euskal Lore-Jokoak" izeneko festak sortu zituen; lehenengoak Urruñan izan ziren 1853an; hamar urtez Urruñan antolatu eta gero, ordea, 1864-76 bitartean, Saran eta gero urtero lekuz aldatu ziren. Euskal abesti, kirol, dantza eta literatura babestu eta sustatu zituen. Agustin Xahokin batera zenbait liburu ere argitaratu zuen, adibidez, euskal gramatika bat. Gainera, "Etudes grammaticales sur la langue euskarienne, 1836"; "Lettres sur l'orthographe basque" (1854); "Travaux récents sur la langue basque" (1859); "Sur la carte de la langue basque" (1868); "Le basque et le berbère" (1873); "Lettre sur la préservation de la langue basque" (1895-96). Euskaraz idatziriko lan bakarra, berriz, "Zuberoatikaco gutun bat" (1864) izan zen. Hala ere, Abbadia idazle izateaz gain, euskal kultur mugimenduaren sustatzaile izan zen; berak sortu zuen "zazpiak bat" mezua.

Loturak: Laurak bat;

web loturak: www.abbadia.fr

Iturria: Elhuyar