Zuberoa

.- Antzinako Zuberoa Biarnoko Bizkonderriaren menpera erori arte

Zuberoa Euskal Herriko ipar-ekialdeko probintzia eta lurralde historikoa da. Jadanik Erdi-Paleolitiko Aroan populatua zegoen. Neanderthal gizaki-motaren aztarnak aurkitu dira Xaxixiloaga eta Etxeberriko haitzuloetan. Neolitikoaren bukaeran populazioa hedatu egin zen eta beste herrietako teknika eta jakintzak bereganatu zituen. Erromatarrek eragin handia izan zuten Zuberoan. Garai hartan euskaldunen lurraldea zabala zen eta euskara zen hizkuntza komuna. Erromatarren Inperioaren ondoren bisigodoen inbasioak izan ziren, eta frankoak V. mendean sartu ziren Zuberoan, euskaldunekin gogor borrokatuz. 602an euskal lurraldeak bilduko zituen Baskoniako dukerria sortu zen. Dagoberto I.a errege frankoen armada Zuberoako lurretan garaitu egin zen (635) nola-hala independentziari eutsi nahian. Frankoen esku zegoen Tolosako erresuma desagertu zenean, Baskoniako dukerriari zegozkion lurrak Akitaniako dukerriak bereganatu zituen (660). Akitaniako dukerria independentea izan zen karolinjioek bereganatu arte (768). Baskoniako dukerriak ere independentziaren aldeko borrokak izan zituen arren, Akitaniakoari lotuta egon zen (VII. - IX. m.).

 

.-Biarnoko Bizkonderriaren menpe izan eta gero, Ingalaterraren menpe

IX. mendean Zuberoako bizkonderria sortu zen, Eneko Aritza zen Iruñeko errege izendatu berria (824) eta Aznar izan zen bertako lehenengo bizkondea (832). Aznarren dinastiak XIII. mendera arte iraun zuen. XI. mendean, Gaskoniako dukeak Zuberoarekiko eskubideak Biarnoko bizkondeari eman zizkion; Nafarroako erregea Maule-Lextarreko gazteluaren jabe zen. Akitaniako dukerriak euskal lurraldeak bereganatu zituen, baina gobernu berezia eta autonomia gordez. Leonor Akitaniakoa Ingalaterrako Enrike II.a Plantagenet-ekin ezkondu ondoren, Zuberoa eta Lapurdi ingelesen menpe geratu ziren (1152). Ingelesen pean zegoela Zuberoak nahiko askatasun izan zuen bere ohiturak mantendu eta ekonomia garatu ahal izateko. Ingelesen menpe egon ondoren, Biarnoko Bizkonde Gaston IV.a Foix-koaren esku geratu zen (1449).

Espainia eta Frantziaren arteko gerren ondoren, Joana Albret-ekoaren garaian, sortutako erlijio-gerrak jasan behar izan zituen Zuberoak (XVI. mendea). Joana Albret  protestantismoa eta higanoteak defendatzen zituen, baina zuberotar asko aurka azaldu ziren; tartean, arrazoi politiko eta erlijioso anitz zeuden: alde batetik, gehiengoa katolikotasunaren alde zegoen; bestetik, Joana Albret-ekoa Nafarroako erregina izateaz aparte Biarnoko bizkondesa ere bazen, eta biarnotarrak eta zuberotarrak etsai amorratuak ziren. Hala ere Joana erreginak Joanes Leizarragari "Itun Berria" euskaraz jartzeko agindua eman zion. Frantziako Luis XIII.a erregeak Zuberoa Nafarroa Behereko parlamentuari erantsi zion (1620) eta urte batzuk geroago Bordelekoari (1626). Monarkiak zerga berriak ezarri eta nekazariek ustiatzen zituzten komunitateko lurrak saltzen hasi zen; horrek, benetako gerra zibila eragin zuen; zuberotarrek Matalas hartu zuten buruzagi (1661). Zuberotar buruzagiak politika moderatua erabili zuen, baina Bordeleko parlamentuak errepresioa areagotu eta Matalasen armada garaitu egin zuen (1661 - X - 10). Matalas preso hartu eta lepoa moztu zioten; geroztik, nobleek eta handikiek Zuberoako instituzioak ahuldu eta indargabetu zituzten.

 

.- Konbentzioa eta Iraultza frantsesa

Iraultza Frantsesaren ondoko Asanblea Nazionalak, lurraldeetako pribilegio eta erregimen bereziak abolitu ondoren, Zuberoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Biarnorekin batera, Pirineo Behereko departamentuan sartu zituen (1789). Iraultza-garaia oso txarra izan zen Zuberoarentzat; lege zaharrak, foruak, mezutegiak (Arbailak, Pettar eta Basabürüa) eta Muntori, Hauze, Barkoxe, Larraine, Atharratze, Santa-Grazi eta Maulek zuten izaera juridiko berezia galtzeaz gain, euskarak eraso latzak jaso baitzituen. Bestalde, Iraultza Frantsesaren ondoren gertatutako Frantzia eta Espainiaren arteko Konbentzio Gerrak eta Napoleonen garaiko gorabeherek hondamen eta txikizio ugari eragin zuten. Harez geroztik, Zuberoako historia nagusia Frantziako historiari lotuta joan da.

Iraultza Frantziarraz geroztik, eskuineko alderdietara joan izan dira Zuberoako botoak. Lehen, eta batez ere Bigarren Mundu-gerran, Frantziaren alde eta bertako armadan parte hartu zuten Zuberoako gazteek. Bigarren mundu-Gerraren ondoren Frantziak kolonietan izandako gatazka eta gerren ondorioz, eta Espainiako egoera politikoa medio Iparraldera ihes egindako euskaldunen eraginez, euskal abertzaletasuna piztu eta indartuz joan da (1960tik aurrera). 1963an Enbata mugimendu politikoa eta aldizkaria sortu zen.

Loturak: Gorputz Handiaren Biltzarra;

Iturria: Elhuyar.