Nafarroa Garaia 1530etik aurrera

Nafarroa Garaia 1530 arte Nafarroako historiari lotua izan zen.

 

.- 1530. urtetik Espainiako 1978ko Konstituzioa arte

Nafarroa Garaia Euskal Herriko hegoaldeko probintzia eta lurralde historikoa da. Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea bereizi zituen muga 1612-1614 bitartean zehaztu zen. Europan Nafarroak bere nortasuna mantendu bazuen ere. Fernando eta Isabel errege-erreginek hasi eta Cisneros Kardinala gero Espainiako Inkisizioak gogor eraso zuen lurraldea. Espainiak "sorginen ehizaren aitzakian" errepresio politiko-erlijiosoa gogortu egin zuen. Nafarroan Gaztelako erregeak izendatutako erregeorde batek agintzen zuen.

Iraultza Frantsesaren ondoren, Frantziako konbentzioaren tropek Nafarroa Beherea bipildu egin zuten (1794). Erresuma Napoleon I.aren menpe geratu zenean, frantziarrek probintzia bihurtu zuten (1808). Fernando VII.a Espainiakoak Cadizko konstituzio liberala promulgatu zuenean Nafarroa beste edozein probintzi gisa hartu zen (1812), baina, tropa frantsesa garaitu izan zen eta alde egin zutenean Nafarroak erresuma-maila berreskuratu zuen (1814). 1820an Cádizko konstituzioa berrezarri zenean, ordea, Nafarroa Garaia, berriz ere, probintziatzat hartu zuten. 1828an bildu ziren azken aldiz Nafarroa Garaiko Gorteak.

Lehen Gerra Karlistaren amaieran (1833 - 1839) Nafarroako Foruak berretsi egin ziren, baina aldaketak egin zitzaizkien. Botere bereziak zituen Foru-aldundia sortu zen. Foruak moldatzen zituen Lege Paktatua sinatu zen (1841). O´Donnell jenerala altxatu zen Esparteroaren aurka Foruak itzultzea eskatuz. Dena den, Nafarroak autonomia administratiboaren aldetik zerbait salbatzea besterik ez zuen lortu. Bigarren Gerra Karlistan (1872 - 1876), ez zituen lehengo foruak berreskuratu eta Lege Paktatuak indarrean iraun zuen. Gamazo ministroak ere lege zerga bereziak jarri eta hori deuseztatu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu (1893).

1931n Eusko Ikaskuntzaren eskutik autonomi estatutua idatzi zen. Hego Euskal Herriko lau herrialde historikoetarako bereziki; baina Errioxako Merkatari Ganbarak ere, apal baino ez, parte hartzea eskatu zuen. Lizarrako Estatutua 1932an onartu zuten. Hegoaldeko hiru probintziek Iruņeko Asanblean parte hartu zuten, baina, Nafarroako udalek Estatututik kanpo geratzea erabaki zuten. Lau urte beranduago, 1936ko Espainiako Gerra Zibilean, Nafarroa osoa faxisten esku geratu zen. Francoren diktadurapean Nafarroak bere administrazio-erregimen berezia mantendu zuen. Horri esker garapen industriala azkarra izan zuen eta nafar-gizartea nekazal-girotik giro-industrialera aldatu zen. Franco hil ondoren, Hego Euskal Herriko beste hiru probintziekin autonomi estatutua osatzeko hainbat saio izan zen Nafarroan. Hasieran, 1978 arte, Nafarroako PSOEk ere euskal abertzaleekin bat egin zuen Hego Euskal Herrirako autonomi estatutua eskatzeko. Espainiako 1978ko Konstituzioak Nafarroaren foru-eskubideak onartu zituen. 1982an Nafarroako foru erregimenaren Berrezarkuntza eta Hobekuntzarako Lege Organikoa onartu zen. Lege honek eta Espainiako 1978ko konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak, Nafarroako Foru-Erkidegoa eta Eusko Autonomi Erkidegoa elkartzeko aukera ematen dute eta horretarako bidea ere zehazten dute. Nafarroako Foru Komunitateak bere Gobernua eta Legebiltzarra (Nafarroako Gorteak) ditu. 1983an Parlamenturako lehen hauteskundeak egin ziren.

Iturria: Elhuyar