Nafarroa Beherea

Nafarroa Beherea 1530 arte Nafarroako historiari lotua izan zen.

 

.- Nafarroa Beherea 1530etik Konbentzio gerra arte

Nafarroako Joana III.a Albret eta bere senar Antonio Borboikoa erregin-erregeak katolizismotik aldendu eta kalbindar bihurtu ziren. Katolikoek eragina galtzen zutela-eta erlijio gerra piztu zuten Nafarroa Beherean (1560). Haien semea Enrike III.ak, ordea, amak konfiskatutako ondasunak itzuli egin zizkien katolikoei. Enrike III.a Frantziako errege bihurtu zenean (1589), Nafarroa Beherea eta Frantziako erresumak elkartu egin zituen, baina bi erresumen arteko batasuna erregea bera izatea baino ez zen. Luis XIII.ak, ordea, Zuberoa Nafarroa Beherari lotu eta Nafarroa Behereak zituen eskubideak ezeztatu egin zituen Frantziako koroapean sarraraziz; halere, foruak errespetatu egin zituen (1620). Nafarroa Behereak bere erakundeak zituen, baina baita erregearekiko harremanak erregulatzen zituen foru nagusia ere; horren arabera, Frantziako erregeak bertakoen eskubideak eta ohiturak mantenduko zituela zin egin behar izaten zuen, nafarrek erregearekiko leialtasuna azaldu aurretik. Hori egin ondoren, erregeak erret ofizialak izendatzen zituen; Garrantzitsuena merinoa zen, erregearen ordez merindadea gobernatzen zuena.

Gaztelako Felipe IV.a erregearekin Pirineoetako bakea sinatutakoan (1659), Luis XIV.ak Nafarroa Garaiko lurren eskubideei  uko egin zien behin-betiko, eta Nafarroa Beherea haren menpera pasa zen. Ondorengo Frantziako errege absolutistek Nafarroa Behereko autonomia murriztu egin zuten. Gainera, XVII. mendeko krisiak eragin handia izan zuen: Feudalismoak gainbehera egin baitzuen eta erret ordezkariekiko harremanak gero eta zailagoak suertatu baitziren, erregezaleek lurren kontrol osoa nahi baitzuten.

 

.- Konbentzioa eta Iraultza frantziarra

1789an Luis XVI.ak deitu zituen Estatu Orokorrak, baina,  baxenabartarrek ez joatea erabaki zuten, deialdia Nafarroako erresumari ez zegokiola argudiatuz. Urte berean Nafarroako Estatu Orokorrek, Donibane-Garazin bildurik, burujabetza eskatu zuten. Frantziarekin batasun federala baino ez zuten onartzen, errege bera izatera mugatua zena. Urte bereko Iraultza Frantziarrak, ordea, eskaera horiek ezabatu egin zituen. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Pirineo Behereko departamentuan sartu zituzten Biarnorekin batera (1789). Iraultza-garaia oso kaltegarria izan zen Ipar Euskal Herriarentzat; bere lege zaharrak eta foruak galdu eta euskarak eraso latzak jasan baitzituen. Bestalde, Iraultza Frantziarren ondoren, Napoleon I.aren garaian, Frantzia eta Espainiaren arteko gerrak ondorio txarrak ekarri zituen Euskal Herriarentzat, txikizio eta hondamen ugari eragin baitzuten. Harez geroztik, Nafarroa Behereko historia nagusia Frantziako historiari lotuta joan da.

Iraultza Frantziarraz geroztik, eskuineko alderdietara joan izan dira Nafarroa Behereko botoak. Lehen Mundu-gerran, eta batez ere Bigarren Mundu-gerran, Frantziaren alde eta bertako armadan parte hartu zuten Zuberoako gazteek. Bigarren mundu-Gerraren ondoren Frantziak kolonietan izandako gatazka eta gerren ondorioz, eta Espainiako egoera politikoa medio Iparraldera ihes egindako euskaldunen eraginez, euskal abertzaletasuna piztu eta indartuz joan da (1960tik aurrera). 1963an Enbata mugimendu politikoa eta aldizkaria sortu zen.

Loturak: Mugaosteko merindadea

Iturria: Elhuyar