Lapurdi

.- Antzinako Lapurdi Baskoniako dukerria desagertu arte

Lapurdi, jadanik Erdi Paleolitiko Aroan populatua zegon, Bidarte, Miarritze, Hiriburu eta Lehuntzen aurkitutako Neanderthal giza-motaren aztarnek horrela erakusten dute. Neolitiko Garaiko instrumentuek euskal izena edukitzeak, euskara, gutxienez garai horretako dela erakusten du. Lapurdik Zelta eta beste herri indoeuropar inbasioak jasan zituen (K.a. 200 - 700). Lapurdin baskoiak ibili ziren, baina ez dirudi barduliar edo karistiarrik ibili zenik.

Erromatarrak K.a. I. mendean ibili ziren: Kraso (K.a. 56), Agripa (K.a. 39-38) eta Augusto (K.a. 27), besteak beste. Lapurdi izena bera ere erromatarra da; egun Baiona eraikitako tokian zegoen "Lapurdum" gotorlekua, eta hortik Lapurdi izena. Halere, Lapurdi euskararen lurraldea zen hori baino lehenagotik ere. Erromatarrek Akitania konkistatu zuten (K.a. 56), baina Lapurdik bere nortasunari eutsi zion. Bordeletik Astorgara eraikitako bide erromatarretik sartu ziren bisigodoak Lapurdira, Euskal Herrira eta auzo herrietara ere bai. Inperio erromatarra ahultzen hasi zenean sueboak, bandaloak eta alanoak heldu ziren Pirineoetara (407). Frankoak eta godoak euskaldunen lurrak eskuratzen saiatu ziren. Iparraldetik frankoek eta hegoaldetik godoek eraso egin zioten Euskal Herriari; Bertako biztanleek ihes egin, herriak hustu eta geroago, baskoiak itzulita nagusitu ziren (V. m.)

Godoen atzerakadarekin, Frankoek lurraldea menperatu zuten, Baskoniako dukerria sortu eta, Genial duke izendatu zuten (602). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa dukerri horretakoak izan ziren. Akitania ere dukerri bilakatu zen (638); Felix dukea lehenengo (660 - 670) eta Lupo I.a Otsoa gero (670 - 710) izan ziren Baskonia eta Akitaniako dukeak. Frankoen Tolosako erresuma desagertu zenean (660) bereganatu zituen Akitaniakoak Baskoniako dukerriari zegozkion lurrak. Gibraltarretik arabiarrak inbasioan sartu eta musulmanak Tolosa eta Poitierseraino iritsi ziren. Eudon Handiak Tolosan garaitu zituen (711) eta Karlos Martel lagun Poitiers-eko guduan. Baskonia-Akitania dukerria independentea izan zen karolinjioek bereganatu zuten arte (768). Geroztik baskoiak frankoen aurka maiz altxatu ziren. Hala ere, VII - IX mendeen bitartean Akitaniari lotuta egon zen. Aurreago, Normandiarrek dukerriari eraso egin zioten (844) eta Lapurdi bereganatu zuten, Gaskoniako dukeak kanporatu zituen arte (982). Gerrak eta defentsa-premiak, Baskoniako dukerria unitate politiko-administratibo desberdinetan zatitzera eraman zuen. Lapurdik bizkonderria osatu zuen, dukearen eta Nafarroako erregearen menpekoa izango zena.

.- Nafarroako erresumaren sorreratik Iraultza frantsesa arte

Gaskoniako Antso Gilen dukeak Nafarroako Antso III.a Gartzes Nagusiari, Lapurdi eta Nafarroa behereko zati bat eman zion zor baten truk (1030 g.gb.). Antso III.a Nagusiak Lapurdiko eta Baigorriko konderriak sortu zituen, baina hil zenean (1035), bere semeak egin ziren aitaren lurren jabe: euskal mintzaira zuten Nafarroa, Errioxa, Bureba, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gartzia III.a Santxez Naiarakoaren  esku geratu ziren; baina, Lapurdi eta Baigorriko konderriak Gaskonia eta Akitaniaren menpe egotera pasatu ziren, gobernu eta autonomia mantenduz; Nafarroa Behereko bailara eta eskualdeak Gaskoniako dukerrira itzuli ziren XII. mendera arte.

1152an, Enrike II.a Plantagenet  Ingalaterrakoa Leonor Akitaniakoarekin ezkondu zen eta dukerria Ingalaterrako koroara lotu zuten. Altxamenduak behin eta berriz errepikatzen zirenez, Enrike II.aren semea Rikardo I.a Lehoibihotza Nafarroako Antso VI.a erregearen alaba Berengelakin ezkondu eta Baiona eta Lapurdi berezi egin zituen; Baiona erregearen eskuetan geratu zen eta Lapurdiko hiriburua Uztaritze izan zen (1174). Gertaera horren ondorioz, Baionako merkataritzak gora egin zuen, baina, borroka biziak sortu ziren Lapurdiko gainerako nekazal herri eta hiriekin. 1193an Lapurdiko Guillaume Raymond kondeordeak Ingalaterrako Enrike II.a Plantagent erregeari saldu zizkion bizkonderriko eskubideak. Ingelesek herri xumearen askatasuna eta eskubideak aldarrikatu eta bertako nobleziari aurre egin zieten; horrela, Ingalaterrako erregeak nobleziari eskubideak kendu zizkion, erregimen feudala amaitutzat emanaz: 1193. urteaz geroztik ez zegoen noblerik Lapurdin, eta Foruek babesten zituzten guztien eskubideak.

Ingalaterrako erregeak, erret ordezkarientzat "baile" izeneko kargua sortu zuen, baina 1498.az geroztik, arazo militarrez baino ez zen arduratzen; arazo administratiboak eta judizialak funtzionarioen esku baitzeuden. Lapurdiko gobernua Biltzarraren esku zegoen (biltzarra, auzapezez osatua zegoen eta bertan, Lapurdiko gai orokor guztiak eztabaidatzen ziren). Lapurdik 1314az geroztik dauzka idatzita bere foru eta usadioak.

Lapurdi hiru mendetan administrazio ingelesaren menpe egon ondoren, Aiherrako Hitzarmenaren bidez (1450) koroa frantsesaren menpera pasa zen, Ehun Urteko gerra amaitutakoan. Baionak Ingalaterrako koroarekin izandako abantailak desagertu egin ziren. 1513an Baionako lege eta ohitura zaharrak berrikusi egin ziren; Bordeleko parlamentuan foru zahar hau lapurtarren legetzat onartu zen (1514) eta Iraultza Frantsesa arte iraun zuen (1789). XVII.mendeko krisiak eragin handia izan zuen Lapurdin: feudalismoak gainbehera egin zuen, merkatal eta industria garapenaren aurrean, baina nobleziak ez zuen onartu nahi izan nekazariek aginte edo eskubiderik izatea; horrek borroka gogorrak sortarazi zituen 1654 eta 1655 bitartean. Luis XIII.a eta Luis XIV.aren erregealdietan Ipar Euskal Herriko euskaldunen eskubideak murriztu egin ziren eta zenbait matxinada piztu zen.

.- Konbentzioa eta Iraultza frantsesa

Iraultza Frantsesaren ondoko Asanblea Nazionalak lurraldeetako pribilegio eta erregimen bereziak abolitu egin zituen. Orduan, Lapurdi diputatuen aurka altxa zen. Lapurdiko Biltzarrak, bere azken bileran (1789 - XI - 18), Lapurdiko eskubideak errespetatu eta lurralde-berrantolaketa egitekotan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea elkartzea eskatu zuen. Orduan, Dominique eta Josep Dominike Garat anaiak diputatuak ziren. Hala ere, lapurtarrei jaramonik egin gabe, Frantziak Lapurdi, Nafarroa beherea eta Zuberoa Pirineo Behereko departamentuan sartu zituen, Biarnorekin batera (1789). Iraultza Frantziarraren garaia oso kaltegarria izan zen Ipar Euskal Herriarentzat; bere lege zaharrak eta foruak galdu eta euskarak eraso latzak jasan zituen. Bestalde, Frantzia eta Espainiaren arteko Konbentzio Gerrak (1793 - 1795) ondorio txarrak izan zituen Euskal Herriarentzat, txikizio eta hondamen ugari sortu baitzituen. Harez geroztik, Lapurdiko historia nagusia Frantziako historiari lotua joan da.

Iraultza Frantziar eta Napoleonen geroztik, eskuineko alderdietara joan izan dira Lapurdiko botoak. Lehen eta Bigarren Mundu-Gerran Frantziaren alde eta bertako armadan parte hartu zuten lapurtar gazteek. Bigarren Mundu-gerraren ondoren Frantziak kolonietan izandako gatazka eta gerren ondorioz, eta Espainiako egoera politikoa medio Iparraldera ihes egindako euskaldunen eraginez, euskal abertzaletasuna piztu eta indartuz joan da (1960tik aurrera). 1963an Enbata mugimendu politikoa eta aldizkaria sortu zen.

Iturria: Elhuyar