Iruņea
Iruņea, Nafarroako hiriburu historikoa da, Euskal Herriko lur guztietara hedatuko zen erresumaren gunea. Iruņea aldean historiaurreko aztarnak badira; hala ere, lehen datu ziurra K.a. 75 - 74. urtekoa da, Pompeiok bere tropak negua pasatzeko sortu zuen "Pompaelo" herriari buruzkoak hain zuzen. Hiri erromatarra izan zen eta haren xehetasunak arkeologi indusketetan aurkitu dira. Germaniarrek hiria suntsitu egin zuten (275). Bisigodoek (VIII. mende arte) eta arabiar inbasioek (VIII. mendearen bukaera artean) hiria konkistatu nahi izan zuten. Errege frankoek, oso denbora laburrean bada ere, Iruņea menperatzea lortu zuten: Karlomagnok Iruņeko harresiak suntsitu zituen (778); Ludoviko Piok (812 - 816) eta Pepin Laburrak (824). Iruņea Nafarroa garaiko hiriburua da gaur egun.
824an, Eneko Aritza baskoi buruzagiak eta bere suhiek Pepin laburraren topak garaitu zituen Orreagan eta ondoren Iruņeko erresuma sortu zen; gero, Nafarroakoa eta Euskal Herri osokoa izango zena. 924an, Abd ar Raman III.ak hiria suntsitu egin zuen. Ondorengo Nafarroako erregeek gortea Errioxako Naiarara eraman zuten, Iruņerrikoaren kaltetan. XI. mendean, ordea, San Zernin auzoan, Nafarreria ondoan, franko inmigranteen burgua sortu zen. San Zernin-i 1129an, Alfontso I.a borrokalariak eman zion Jaca-ko forua. 1189an, berriz, Antso VI.a Jakitunak merkatari eta artisauen San Nikolas auzoari eta Iruņeko hiri zahar Nafarreriari ere populatzeko Pribilejioak eman zien. Baina, bizi mailen desberdintasun eta auzoen arteko gorrotoen ondorioz gatazkak piztu eta Nafarreria erre egin zuten, 1276an.
Joana I.a Nafarroakoa Felipe I.a Ederrarekin ezkonduz gero (1284) Frantziako dinastiak agindu zuen Nafarroako erresuman. Nafarrerikoek ez zuten nahi Frantziako erresumak Iruņerria bereganatzea eta eztabaida asko sortu zen, horien artean apezpikuak hirian zuen eskumena. Baina, mesede batzuen truke eskumen hori Felipe II.a Luzea erregearen esku geratu zen (1319). Berriro eraiki zen Nafarreria, baina, auzo arteko gatazkak berpiztu egin ziren. 1423an, Karlos III.a Prestuak hiria batzeko pribilejioa sinatu zuen; handik aurrera, hiri zaharra, burgua eta auzoa hiri bakarra bihurtu zen eta Nafarroako Foru Orokorra izan zuten indarrean; alkate, justizi eta zinegotzi komunak, alegia.
Nafarroako Blanka I.a hildakoan, 1441ean, nafarrak zatitu egin ziren: batetik, agramondarrak Joan II.aren alde eta bestetik, beaumondarrak Karlos IV.a Bianako Printzearen alde. Aragoiko Fernando II.ak Nafarroa eta Frantziako erresumen aurka egin zuen. Bere aginduz Albako II. dukeak Leringo III. kondea Luis Beaumontekoaren laguntzarekin Nafarroa inbaditu eta Iruņera sartu ziren eragozpenik gabe, 1512an. Joan III.a Albretekoaren eta Nafarroako Katalina I.aren tropek egindako erasoan ez zen errenditu; baina, Enrike II.a haien semearen tropek Iruņea berreskuratu zuten, 1521ean. Baina, urte bereko ekainaren 30ean, Noaingo batailaren ondoren galdu zen Iruņea, eta urtebete geroago (1522), Amaiurren galdu zen Nafarroako independentzia.
Nafarroa Gaztelako koroan barneratu zuten, nahiz eta Nafarroako erresumak bere antolamendu politikoa, neurri batean bederen, mantendu. Gaztelako erregeak Nafarroarako izendatutako erregeordearen egoitza Iruņean jarri zen. Gotorlekua eta harresiak sendotu egin ziren (XVII. - XVIII. mendea). Napoleonen kontrako gerran Frantses gudarosteek Iruņea setiatu eta gotorlekua hartu eta bertan egon ziren gerra amaitu arte (1808 - 1813). Cadiz-ko konstituzioaren alde altxatu zen (1820) eta erregearen aldekoek hiria hartu egin zuten (1823).
Iruņean zeuden sarjentu liberalek hiru hilabetez soldatarik jaso gabe zeudela-eta altxamendua egin zuten (1837). Lehen Gerra Karlistak kendutako Foruak berreskuratu nahian, Nafarroak eta Espainiako gobernuak Lege Paktatua hitzartu zuten Nafarroarako (1841 - VIII - 16). Bigarren Gerra Karlistan, ordea, liberalen alde atera zen eta setio luzea jasan behar izan zuen (1874 -1875). Erresumako gorteak azken aldiz 1829an bildu ziren. Gamazada izeneko altxamenduan nafarrak Iruņean bildu ziren eskubide historikoak aldarrikatzeko (1893 - 94). Gamazadaren oroigarri moduan Foru-monumentua eraiki zen (1903).
Errepublika garaian, Hego Euskal Herriko udalek Lizarrako Autonomi Estatuaren botazioa burutu zuten Iruņeko Asanblean, 1932an. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Mola jeneralak hartu zuen hiria, 1936an. Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua da eta Nafarroako Gobernua eta Legebiltzarraren egoitzak bertan daude (1978).
Iturria: Elhuyar