Gipuzkoa

.- Antzinako Gipuzkoa Nafarroako erresumaren sorrera arte

Gipuzkoan aurkitutako aztarnak erakusten dute Paleolitikoan gizakia bizi zela lurralde honetan. Zestoako Irikaitzen harrizko lanabesak eta Arrasateko Lezetxiki haitzuloan Neanderthal gizaki-motari dagozkion hezurrak aurkitu dira; Debako Urtiagan eta Aiako Altxerrin Goi-Paleolitiko Aroko Cro-Magnon motakoak; eta Debako Ekainen Goi-Paleolitiko Aroko Madeleine aldiko pinturak. Neolitikoan, abeltzaintza garatzen hasi zen eta horrek ehiza ordezkatu zuen; garai hartako trikuharri ugari dago Gipuzkoan. Lurraldean dauden harrespil ugariak Metal-Arokoak dira (K.a. 2000koak gutxi gorabehera). Zelten okupazio garrantzitsurik ez zela gertatu uste da berriz, aztarna gutxi batzuk besterik ez baitira aurkitu.

Erromatarren sartu ziren garaian, Plutarko eta Estrabon geografo eta historialari berriemaileek eman zuten euskaldunen lurraldearen berri, eta haien eskutik sartu zen Gipuzkoa historian. Haien deskribapenaren arabera Gipuzkoakoa gizarte pobre, gerrazale eta tribu-antolaketa nabarmenekoa zen. Gipuzkoan euskaraz hitz egiten zen. Erdialdean barduliarrak, ekialdean baskoiak eta mendebaldean karistiarrak bizi ziren. Erromatarren aztarnak ere aurkitu dira, Irungo Santa Elena ermitako akropolia eta, herri eta portu erromatarra dira aipagarrienak. Gipuzkoan ez dago zelten arrastorik.

 

.- Gipuzkoa Erdi-Aroko garaitik Napoleonen garaia arte

Bisigodoak V. mendean eta musulmanak VIII.ean Iberiar penintsulan sartu ziren. Baina badirudi Gipuzkoaraino ez zirela iritsi. XI. mendean Gipuzkoa aparteko identitate bezala agertu zen. Gipuzkoako izenari buruzko lehen aipamena Nafarroako Antso III.a Gartzia Nagusiaren garaikoa da (1025). Garai horretan aipatzen dira Gartzia Azenariz (Aznariz) Gipuzkoako jauna eta bere emaztea "Ipuchako" Gaila, alaba Blaskita eta suia Antso Fortuniones. Nafarroako Antso IV.a Gartzes Peñalengoa hil zutenean (1076), Gaztelako Alfontso VI.a Gipuzkoan sartu zen, baina, Gartzia IV.a Ramirezek Gipuzkoa Nafarroako erresumara batu zuen berriro, eta Antso VI.a Jakitunaren garaian ere Nafarroako parte zen. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroa inbaditu eta Gipuzkoa ere eskuratu zuen. XIV. mendean, Nafarroa Gipuzkoa bereganatzen saiatu arren, Gaztelari lotuta segitu zuen.

Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Donostiari hiri-gutuna eman zionetik (1180) Gipuzkoan beste zenbait hiri fundatu ziren: Asteasun egoitza zuen Aiztondo alkatetza sortu zen (1203). Hondarribia (1203), Getaria eta Mutriku (1209), Zarautz (1237), Deba (1343), Zumaia (1347), Orio (1379), etab. Erdi Aroan abeltzaintzarekin batera burdinolak indartu ziren. Feudalismoaren krisia jauntxoen arteko gerratan islatu zen: bando-gerrak. Oinaztarren eta ganboatarren arteko borrokak latzak izan ziren, Arrasate erre egin zuten (1448). Jauntxoen bortizkeriari aurre egiteko hirien arteko Ermandadea sortu zuten; azken erakunde horren eskariz, Gaztelako Enrike IV.ak Gipuzkoako dorretxeak suntsiarazi egin zituen (1457). Ermandadearen Koaderno Berria argitaratu zenean, funtsezko sistema politikoa eratu zen (1463); probintziako gobernu-organoa Batzar Nagusiek osatzen zuten eta berauen esku zeuden legegintza, finantza arloa, arlo exekutiboa eta judiziala. Batzar Nagusien erabakiak burutzeko erakunde exekutibo iraunkorra Foru-Aldundia zen eta ordenamendu juridiko-politikoa Foruek osatzen zuten.

1728an Caracas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarra elkartearen bidez indartu zen merkataritza, Ameriketako produktuen salerosketan parte hartuz. Burdinolek geldialdia izan zuten, XVIII. mendean Europako berrikuntza teknologikoari aurre egiteko prestatu gabe zeudelako. Matxinadak ere izan ziren mende hartan, besteak beste: Gaztela eta Hego Euskal Herri arteko aduana kendu nahi zela-eta 1718ko matxinada, eta zerealen prezioa igo asmoz merkatariek alea gorde zutenean (1766). Fernando VI.aren eta Karlos III.aren erregealdian, joera zentralistaren ondorioz, Foruen aurkako erasoak gogortu egin ziren. 1794ko abuztuan Frantsesek Donostia inbaditu zuten, Konbentzio Gerran, Frantziako armada Bidasoa zeharkatuz Gipuzkoan sartu eta probintzia inbaditu egin zuen. Espainiako koroak aurrera zeraman zentralizazio-prozesua medio, Gipuzkoan haserrea nagusitu zen eta Getarian bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak frantziarrekin paktatu nahi izan zuen. Espainiaren mendetik atera eta Frantziaren pean Gipuzkoako protektoratua ezarriz, Gipuzkoako Errepublika izendatzea eskatu zieten frantsesei, horretarako Frantziarrek errespetatu beharko zuten foruak, jabetzak eta erlijioa. Haiek ez zuten onartu eta Gipuzkoa armaz menpean zuten. Basileako Bakea (1795) sinatu baino lehen frantziarrek onartu eta Donostian sinatu zen akordioa. Espainia eta Napoleonen arteko gerran, 1813ko abuztuaren 31n, espainolen aliatu ziren tropa ingelesek, Donostia erre egin zuten.

 

.- Napoleonen eta Foruen galtzearen garaitik gaur egun arte

1808. urtean sartu ziren Napoleonen tropak Gipuzkoan. Ekainean idatzi zen Baionan Espainiako lehenengo konstituzioa eta bertan Euskal Herriko Foruak kontutan hartzen ziren. 1810ean osatu zuten Frantziako agintariek Bizkaiko Gobernua izeneko aginte-barrutia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osatua, baina, 1812an liberal espainiarrek Cádizen erabaki zuten beste konstituzio bat eta bertan guztiz ezabatu zituzten berriro Foruak. Bien bitartean, frantziarrek balio gabe utzi zuten Forua Ipar Euskal Herri guztian. 1813ko abuztuaren 31n sartu ziren aliatuak Donostian; sekulako triskantzak egin ondoren, egun horretan bertan garaitu zituzten tropa frantziarrak Irungo San Martzialen. 1814. urtetik aurrera, agintarien artean nagusitu ziren bi politika joera: liberala eta karlista. Donostian liberalak eta probintzian karlistak nagusitu ziren Gipuzkoan.

Lehen Gerra Karlistak (1833 - 1839) gogor jo zuen Gipuzkoa. Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergaran sinatutako Hitzarmenak eman zion amaiera gerrari. Isabel II.a tronutik botatakoan Bigarren Gerra Karlista hasi zen (1868); ondorioz, Euskal Foruak erabat baztertu ziren (1876). Harez gero, Gipuzkoako Foru-Aldundiak eta Espainiako Haziendak kontzertu ekonomikoak sinatu dituzte. XX. mendearen hasieran hazkunde industrial eta demografiko handia izan zen, industria-enpresak lurralde osoan zabaldu ziren eta biztanleria ere eskualde guztietan kokatu zen; Espainiako Gerra zibilaren ondoren eta industrializazioaren ondorioz etorkin asko iritsi zen Gipuzkoara. Francoren diktadurapean jeneralak kontzertu ekonomikoak ezabatu egin zituen eta Gipuzkoa eta Bizkaia "Probintzi traidoretzat" hartu zituen. Franco hil ondoren, Espainian erreforma egin zen eta 1978 ko abenduaren 6an Konstituzio berria ezarri zen. Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia (1981) berrezarri egin ziren. Geroztik, Araba eta Bizkaiarekin batera, Eusko Autonomi Erkidegoa osatzen du.

Iturria: Elhuyar / Lur Entziklopedia