Bureba

.- Bureba Nafarroako erresumaren sorrera arte

Antzinako euskararen lurraldearen mendebaldeko muga, baskoi - akitaniar kulturaren barruan. Ingurune honetako antzinako biztanleek euskaraz hitz egiten zuten; horren erakusgarri da Oka ibaiaren goi-ibilguan euskal toponimia ugari gorde izana; ez da horrela gorde, ordea, lautadan. Bureba lehenik Ebro ibaiaren gora Almeriatik iparraldera etorritako iberiarrek konkistatu zuten; ondoren, zeltek ibero-jendea itsas aldera bultzatu zuten eta haiek herri kantabriarra sortu zuten, oraingo Santander eta Asturias inguruan. Erromatarak Euskal Herrira iritsi zirenean, ordea, autrigoien ondorengoen herria bertan kokatua zegoen jada, baskoien hedapenari esker. Lurralde garrantzitsua bihurtu zen erromatarren galtzadak zirela medio.

Erromako inperioa gainbehera etorri zenean, Burebako lurraldea baskoien eskualdea zen, godoen eta frankoen artean banatua. Ordukoak dira Kantabriako dukerria, Errioxako lurretan, eta Baskoniako dukerria, Ebrotik Garonara. Galizian egoitza zuen Mirķ errege sueboak autrigoiak eraso zituen (572 - 578). Leovigildok Ebro ibaiaren eskuin ibarra hartu eta godoen nagusitasuna finkatu zuen. 589ko Toledoko kontzilioan Oka-ko Asterio obispoa izan zen eliz autrigoien izenean. Franko-baskoiek lurraldea berreskuratu zuten (602-612). Lupo I.a Otsoa kantabriako dukerrian sartu zen 672an, lurrak berreskuratzeko asmoz. Wanba errege godoak, ordea, Kantabriatik sartu zen baskonian eta Arabiarren inbasioan (711), Rodrigo errege godoa Iruņean setiatzen ari zen. Bureba, berriz, Euskal Herriaren eta asturiarren artean aurkitzen zen. Arabiarrek maiz eraso egin zuten Okako elizbarrutia, eta ia desagerrarazi bazuten ere, asturiarrek berreskuratu zuten. Hala ere, banukasitarren erasoen gorabehera, bai hizkuntzari zegokionez, bai eta politikari zegokionez ere Antso I.a Gartzesen garaian (905 - 925), Bureba, Nafarroako erresuma sortu berriari lotua zegoen.

 

.- Nafarroako erresumatik Gaztelarren inbasiora

Nafarroako Antso III.a Gartzes Nagusia erregearekin Bureba Euskal Herriko eremura itzuli zen (1004 - 1014). Antso Nagusiaren semea Gatzia III. Sanchezen erregearen garaian Nafarroako erreinuak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Bureba eta Errioxa hartzen zituen. 1054an, ordea, Gartzia III.aren eta bere anaia Gaztelako Fernandoren artean Atapuerkako bataila jokatu zen, Fernando erabat nagusitu eta anaia hil egin zuen. Geroztik, Bureba, Errioxa- Nafarroako errege-egoitza izan zen Naiarako historiarekin oso lotua dago.

1058 - 1062 bitartean, Antso IV.a Gartzesen agintaldian, Bureba osoa Gaztelarren menpe geratu zen. Hiru Antsoen guda piztu zen, eta 1074ko ekainan, Alfontso VI.ak Donemiliaga konkistatu zuen, geroago Antso IV.a Gartzes errege nafarrak berreskuratu bazuen ere. Handik bi urtera Nafarroako erregea hil zuten Ramon eta Ermesinda bere anai-arrebek. Haren hiletak sortutako nahasketaz baliatuz Alfontso VI.ak Bureba-Errioxa inbaditu eta Euskal Herria bitan zatitu zuen: Hondarribitik Erronkarira bitartekoa Aragoiko koroaren menpe eta Hondarribitik Mena ibaiaren artekoa Gaztelako koroaren esku geratu ziren. Alfontso I.a Borrokalaria Gaztelako errege bihurtu zenean Nafarroak Bureba berreskuratu eta Tamarako hitzarmena sinatu zen. Alfontso I.a Borrokalaria hil zenean, Gaztelako Alfontso VII.ak Bureba inbaditu eta menperatu egin zuen berriro. 1160an, ordea, Antso VI.a Jakitunak Bureba berreskuratu zuen, gaztelarrek matxinatu zirela aprobetxatuz; urte batzuk geroago (1167), hamar urteko tregua sinatu zuen gerra saihesteko eta Gaztelako Alfontso VIII.ari eman zionean, 1170 inguruan, galdu zen behin betiko Bureba eskualdea.

Burebako lehen hiriburua Pankorbo izan zen. Gaur egun, ordea, Burgos probintziako eskualdea da eta herri nagusia Bribieska da, Oka ibaiak bustia. Ekialdean Pankorbo deitzen zaion haitzartea dago.

Iturria: Lur Entziklopedia/ Auņamendi