Baiona

Baionaren lehen aipamena historikoa K.a. I. mendekoa da; erromatarrek Euskal Herrira etorri zirenean Baionan kanpamentu militarra eratu zuten bertan, Aturri eta Errobi ibaiak lotzen diren gainaldean. Erromatar inperioaren azken mendeetan, Novenpopulaniako tribunoaren egoitza izan zen (IV - V.m) eta "Lapurdum" izena jarri zioten. Hiriko gainaldekoek baino ez ziren erromartu; gainerakoek bere hizkuntza, euskara, eta ohiturak mantendu egin zituzten. 844an, Normandiarrek eraso egin zioten Baskoniako dukerriari eta Lapurdi hartu zuten Suigin hil eta gero. Garai hartakoa da Baionako patroia den Leon Deunaren alegia. Hala eta guztiz ere, bertakoek haiengandik ikasi zituzten itsasoan nabigatzeko teknika berriak.

Gilermo Antso Baskoniako dukeak normandiarrak bidali eta hiria askatu egin zuen (982). Lupo Santxez I.a buru zela, Lapurdi bizkonderri izendatu zuten (1023) eta bere lehengusu Nafarroako Antso III.a Nagusiarekin estutu zituen harremanak; Baiona, bizkonderriko hiriburu eta bizkondeen egoitza bilakatu zen (1023 - 1193). 1030ean, berriz, Baionako apezpikutegia sortu zen eta Lapurdi inguruko herriaz gain, bere pean hartu zituen: Arberoa, Oholdi, Irisarri, Armendaritze, Garazi, Baigorri, Bortziri, Maldaerreka, Baztan, Luzaide, Bidasoa eta Oiartzualdea. 1125ean, Akitaniako Gilermo IX.a Trobalariak eman zion Baionari bere lehen forua. Leonor Akitaniakoa, aldiz, lehenengo Frantziako Luis VII.a Gaztearekin ezkondu zen (1138 - 1152) eta harengandik bereiztutako urte berean, Ingalaterrako Enrike II.a Plantagenet-ekin (1152); horrela, Lapurdi osoa Frantziaren esku geratu zen lehenengo eta Ingalaterraren menpe gero, Ingalaterraren menpe hiru mende (1152 - 1450); urte horietan garapen ekonomiko handia izan zuen, Lapurdikoaz gain, Landetako, Biarnoko eta Nafarroako itsaso portua baitzen.

 Enrike II.a Plantageneten seme Rikardo I.a Leohibihotzak Baionako forua berretsi eta hedatu egin zuen; forua burgesiaren alde eta nobleziaren aurkakoa zenez, nobleak matxinatu egin ziren. Rikardo I.ak, ordea, herria bereganatu egin zuen. Nobleek Baiona utzi eta Uztaritzen ipini zuten egoitza (1174). Geroztik, eta Frantziako Iraultza bitartean Lapurdiko hiriburua Uztaritze izan zen. Lakarra familiako Bernard II.ak bere elizbarrutiko mugak zehaztarazi zizkion Zelestino III.a aita santuari (1194): Lapurdi, Nafarroa Behereko hegoaldea, Gipuzkoako ipar-ekialdea (Donostia bitartean), Bortziriak, Baztan, Lerin eta Lesaka hartzen zituen. Bernard II.ak Rikardo I.arekin esku hartu zuen hirugarren gurutzadaldian.

Baiona, merkatal zentro garrantzitsu bilakatu zen eta Ingelesek Baiona, Pasaia eta Donostiako portuen bidez kontrolatzen zuten Ipar Europako merkataritza; baina XIII. mendean, bertako merkatal burgesiaren eta marinel eta artisauen artean gatazka ugari piztu zen. Iparraldeko merkataritzaren kontrola zela eta, Baionako eta Normandiako merkatarien artean borroka sortu zen; Frantzia eta Nafarroako Karlos II.a Gaiztoak normandiarren alde eta Ingalaterrak baionesen alde parte hartu zuten; gerra horrek, Baionako merkatarien eta nekazari lapurtarren arteko zatiketa areagotu egin zuen. XIV. mendearen hasieran, noble eta nekazariak Baionako biztanleen aurka altxatu ziren; Albreteko jaunak lapurtarren eskubideak onetsita amaitu zen liskarra (1355). Izurrite Beltzaren eragina jasan zuen hiriak 1347an. Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko hiriekin adiskidetasun-hitzarmena sinatu zuen (1353).

Frantziako Karlos VII.ak Normandia konkistatu zuenean, Baiona ingelesei kendu eta bereganatu egin zuen, Aiherrako hitzarmenaren ondorioz (1450); urte haietan, hiria gainbehera etorri zen. Baiona, batez ere, hiri militarra zen eta esku zabal jokatu zuen erlijio arazoetan. Cisneros Kardinala buru zuten Inkisidoreen sutatik ihes, Gaztela eta Aragoitik 1492an, Portugaldik 1496an, Gasteiztik 1492an eta Nafarroatik 1498an egotzitako juduek Baionan finkatu eta merkataritzan hasi ziren. Halaber, Baionak eragotzi zuen hainbat protestanteen hilketa. Duvergier Hauranne-koa Baionako katedraleko kalonje izendatu zuten (1607 - 1620), geroago Richelieu kardinalak atxilotu zuena (1638).

 1726tik aurrera, Baionako Merkatal Ganbarari esker batez ere, oparoaldia izan zuen ibai- eta itsas-merkataritza gehitzearekin; portu frankoa izatera heldu zen 1874an; baina, Iraultza frantsesaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko probintzietako foru-erregimena eta Baionako portu-frankoa ezabatu egin ziren (1789). 1790ean, Ipar Euskal Herria osoa Pirineo Behereko departamentuan sartu zuten Biarnokin batera. Dominique Garat eta bere anaia Josep Dominique Lapurdiko hirugarren estatuko diputatuak asko saiatu arren ez zuten hori aldatzea lortu. Napoleonen garaian, Espainia eta Frantziaren arteko gerran, Baiona gune garrantzitsua izan zen; Napoleonek bere osteak bertan antolatu zituen (1807) eta kuartel orokorra ere  bertan finkatu zuen (1807 - 1814). Fernando VII.a Espainiara itzuli zenean (1814), erresistentziaren buru izan zen Mina generala Baionara erbesteratu zen eta beste liberal batzuekin batera erasoa prestatu zuen.

Lehen Gerra Karlistan gune garrantzitsu izan zen. Bergarako Hitzarmena sinatu ondoren, hainbat buruzagi karlistari babesa eman zion. Bigarren Gerra Karlistan, berriz, bertan antolatu zen (1873). XIX. mendean, industria metalurgikoa berriro hazi egin zen, garrantzi gutxikoa izan arren ("Forges de lŽAdour"). Alderdi sozialista eta anarkistak ere garrantzi gutxikoak izan ziren Baionan, Bokalean handiagoa bazen ere. Lehen Mundu Gerran Frantziako armadan parte hartu zuten lapurtar gazteek eta ondorengo urteetan Baiona hiri kontserbadorea izan zen. Bigarren Mundu Gerran, ordea, alemaniarren menpe egon zen, 1944an alde egin zuten arte.

Loturak: >Balaske, Jules; > Societas Navium Baionensum;  

Iturria: Elhuyar/ Lur