Txillardegi (Jose Luis Alvarez Enparantza)
Jose Luis Alvarez Enparantza Donostian jaio zen 1929an. "Txillardegi", "Igara", "Usako" eta "Larresoro" izengoitiak erabili ohi ditu. Ikasle garaian espetxeratu egin zuten abertzaletasuna zabaltzeagatik. Ekin ikasle-taldearen sorreran esku hartu zuen eta, EAJrekin hautsi ondoren, Ekin-ekoek talde guztiz independentea sortu zuten: ETA. 1960an, 339 euskal apaizek izenpeturiko gutuna zela eta, bigarren aldiz atxilotu zuten. Hizkuntzalaritzan lizentziatu zen 1961ean. 1967an utzi zuen ETA eta, geroago, ESB alderdiaren sorreran parte hartu zuen. 1962 - 1976 bitartean Frantzian eta ondoren Belgikan bizi behar izan zuen.
Hasieratik Herri Batasunako kidea, HBko senadore ere izan da. Euskararen alor gehienak jorratu ditu eta lan ugari argitaratu du: "Sustrai bila" (1970), "Euskara batua zertan den" (1973), "Euskal gramatika" (1978), "Fonologiaren matematikuntza" (1978), "Euskal Fonologia" (1980), "Euskal azentuaz" (1984), "Elebidun gizarteen azterketa matematikoa" (1984). Saiakera-lanak ere idatzi ditu: "Huntaz eta hartaz" (1965) eta "Hizkuntza eta pentsakera" (1972). Euskara batuaren sustatzaile eta bultzatzaile nagusietakoa izan zen hasieratik. EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da.
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren euskal literatura berritu eta modernizatu duten idazle nagusietakoa da Txillardegi. Bere lana funtsezkoa izan da euskal eleberri modernoaren sorreran. Ordu arteko ohitura-nobelarekin hautsiz, Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura. Gorabehera etengabean murgilduta, istorioan zehar bilakatuz dabiltzan eta zalantza, barne-korapilo eta larriminez osaturiko pertsonaia konplexuen bidez adierazi zuen kontakizuna; lehen pertsonan mintzo dira protagonistak eta beren historiaren kontalari bihurtzen dira. Hiru nobela funtsezkotan ageri da aldaketa hori: "Leturiaren egunkari ezkutua" (1957), "Peru Leartzako" (1959) eta "Elsa Scheelen" (1969). Literaturaren teknika berriak sartzeaz gainera, oso hizkera aberatsa eta gihartsua lortu zuen. Geroztik, "Haizeaz bestaldetik" (1979), "Exkixu" (1988), "Antigua 1900", (1992) eta "Euskal Herria helburu", (1994) lanak idatzi ditu.
Iturria: Harluxet