Oihenart, Arnaut.

Arnaut Oihenart Maulen jaio zen  1592an eta Donapaleun hil zen 1667an. 

Higanotek zituzten eskubideengatik protestatzeko Mauleko hiritarrek diputatu hautatu zuten, "Silbiet"-eko sindiko izan zen (1623 - 1627). Nafarroako kantzelariordearen alargunarekin ezkondu eta horri esker, Nafarroako noblezian sartu zen. Enrike II.aren Nafarroako Parlamentuko abokatu eta Agramont-eko dukearen prokuradore izan zen.

Bere azken hogei urteak historia ikertzen, auziak konpontzen eta auzi horietaz idazten eman zituen: Baigorri, Erro bailara, Luzaide eta Baztanen arteko muga-arazoak konpondu zituen (1660) eta Baionako apezpikuaren eta Orreagako priorearen arteko ondasun-banaketa erabaki zuen (1665).

Euskal Herriko historiaz eginiko lan garrantzitsuenak hauek dira: "Notitia Vasconiae, tum Ibericae, tum Akitaniae" (1638 - 1656); bertan Euskal Herriko historia Erdi Aro arte kontatu zuen Euskal nazioaren ikuspegitik, ez ordura arte bezala, espainol edo frantses aldetik. Liburu horretan bertan ere, "De silabarum quantitae" artikuluan, ordura arteko bertsogintzaren moldeak hautsi eta bertsogintza kultu eta berria proposatu zuen. Bi lan utzi zizkigun euskaraz: "Atsotitzak" eta "Gaztaroa neurtitzetan":

Oihenart eskolatua eta ikasia zen; lehen euskal idazle zuberotarra izateaz batera, apaiz ez zen lehen kritikari, historialari eta idazlea da. Euskal Herriko historiari buruzko bilduma egiten ari zela hil zen; bildutako dokumentu eta oharrekin hogei mila orrialde osatu zituen, baina gehienak desagertu egin dira.

Loturak: Stempf, Victor;

Iturria: Elhuyar