Mitxelena Elissalt, Koldo
Koldo Mitxelena Errenterian, Gipuzkoa, jaio zen 1915ean eta bertan hil zen 1987an. Filosofia eta letretan doktore izan zen, indoeuropar hizkuntzen katedratikoa Salamancako Unibertsitatean (1967 - 1980), Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreorde eta irakasle. SFVJU mintegiko zuzendari, Bordeleko eta Bartzelonako Unibertsitateetako "honoris causa" doktore (1983), EHUko irakasle emeritu eta hainbat erakundetako kide izan zen.
Hizkuntzalaritzan espezializatutako aldizkarietan parte hartu zuen. Espainiako Gerra Zibilean preso zegoela hasi zen idazten. Euskarari buruz, bere garaian informazio gehien zuen hizkuntzalaria omen zen. Euskaraz idatzitako lanen artean literatur kritika nagusi zen; bere "Idazlan hautatuak" (1972) bilduma, euskal literatura ezagutzeko obra garantzitsua da. Gaztelaniaz idatzitako obrak ikerketa filologikoen ingurukoak izan ziren: "Historia de la Literatura Vasca" (1960), Fónetica Histórica Vasca" (1961) eta "Sobre el pasado de la lengua vasca" (1964).
Lan eskerga egin zuen euskara hizkuntza moderno eta edozein beharretara moldatutako hizkuntza bilaka zedin. Balio handiko idazle eta hizkuntzalaria izateaz gain, hizlari trebea ere izan zen. "Orotariko Euskal Hiztegia" lan baliotsuari hasiera eman zion, baina bukatu aurretik hil zen. Euskaltzain oso izan zen R.M. Azkuek utzitako aulkian (1952 - 1987)
Iturria: Elhuyar