Landa Alvarez de Carballo, Nicasio
Nikasio Landa Iruñean jaio zen 1831n eta bertan hil zen 1891. Militar, mediku eta idazlea izan zen. Filosofia eta medikuntza ikasi eta armadako medikua izan zen. Marokoko gerran O'Donnell eta Prim jeneralen aginduetara ibili zen (1859). Kanarietara joan zen han zabaldutako sukar horiaren epidemia kontrolatzera (1863). Franko-prusiar gerran ere parte hartu zuen (1870). Bigarren Gerra Karlistan, liberalen mediku izan zen; nazioarteko gerra ez izan arren, Gurutze Gorriak parte har zezan lortu zuen.
Asociación Éuskara de Navarra elkarteko fundatzaileetakoa eta "Revista Éuskara" aldizkariaren sortzaileetakoa izateaz gain, garaiko hainbat aldizkari nafarretan parte hartu zuen. "La campaña de Marruecos"; "Memorias de un médico militar", 1860; "Análisis de las aguas bicarbonatadas-cloroyodunadas, sódicas de Burlada", 1880 eta "La embriaguez y sus efectos físicos", 1884 medikuntza-liburuez gain, historia orokorrekoak ere idatzi zituen (El derecho a la Guerra conforme a la moral, 1867; Los primeros cristianos de Pompei-polis, 1891 etab.).
Loturak: Santos Landa;
Iturria: Harluxet